"Bideoklip berritzailea izango da; parte hartzaile guztiak zein herriko txoko ezagunak lekaixoka arituko dira. Lan-ildo diren jasangarritasuna, berdintasuna eta inklusibitatea ere adierazten ahalegindu dira bideogileak", jakinarazi dute Kilometroak jaiaren arduradunek. Kepa Aranburu eta Bernat Alberdi izan dira zuzendariak.
Aurkezpen ekitaldian joko dute kantua
Bideoklip hori zein kantua aurkezteko ekitaldia apirilaren 28an egingo dute Zubikoa kiroldegian, 21:30ean. Sarrerak oraindik ere salgai dituzte Txokolateixan eta Ikastolako idazkaritzan, 8 euroren truke.
Ordubete pasatxo iraungo duen ekitaldian Oñatiko musikagintzaren historia azalduko dute. "89ko Kilometroak hasiera puntutzat hartuta, herriko musikagintzak eboluzio handia izan du. Bideo eta esketxen bitartez puntu,ekimen,aldaketa garrantzitsuenak adieraztea izango da helburua, eta garai bakoitzeko talde garrantzitsuenetako batzuk zuzenean joko dute, estilo eta formatu anitzetan", adierazi dute. Herriko musikagintzan zeresana izan duten eta dagoeneko ez dauden hainbat pertsona ere omenduko dituzte ekitaldian.
Emanaldiaren amaieran aurkeztuko dituzte auzolanean sortutako kantua eta bideoklipa. Kantua egin dutenek zuzenean joko dute: Aitor Uriarte (Latzen); Ruper Ordorika; Sharon Stoner; Malenkonia; Hor Konpon; Txantxiku Ikastolako ikasleak; eta Juan Carlos Irizar eta Txantxiku Ikastolako kantu tailerra.
"Auzolana denez jai honen oinarria eta aurtengo aldarri nagusia, herriko musikariek osatu dute kantua. Herriko talde ezberdinetako musikariek bakoitzak bere aletxoa jarriz sortu da. Elkarlanean Musika Eltzian jarri zaie aurtengo jaiari doinuak. Letrak osatzearekin, berriz, Oñatiko Txinparta Bertso Eskola arduratu da, hau ere auzolanean. Ahotsak ere herritarrenak dira gehienak, nahiz eta badiren aurpegi ezagun batzuk", jakinarazi dute eta gaineratu "kantu bizia, dantzagarria eta erraz entzutekoa" dela.