"Aspaldiko ametsa egia bihurtu da". Berba horiekin eman die ongietorria Joxe Mari Arregik ekitaldira joandako guztiei. 2001. urtean Arantzazuko eraberritzearekin hasi zirenean, buruan zegoen egitasmoetako bat izan zen. Ordutik, lan handia eta gogorra egin dute hainbat eragilek eta horiei "eskerrik beroenak" eman dizkie Arregik.
Egunen baten aterpetxeari izena jarriko bazaio Telesforo Zuriarrainena proposatu du Arregik. "Hemen egongo balitz, asko disfrutatuko luke".
Olanok eta Biainek ere hitza hartu dute ekitaldian. Biek ala biek, aterpetxearen garrantzia azpimarratu dute. "Mugarritzat" jo dute aterpetxea. "Arantzazuren eskaintza elikatu egingo du, santutegiaren espiritualtasuna historia askotariko ekimenen sustapenarekin harmonizatzen duen proiektu baten barruan. Arantzazu Gipuzkoaren ondarea da, eta aterpetxe berriarekin beste urrats inportantea egiten dugu altxor guzti hori gizartearen zerbitzua eta gozamenerako jartzeko bidean".