Skate parkea egokitzea eta tirolina jartzea, Ibarra hirigunerako hurrengo egitasmoak

Iker Oñate 2017ko api. 11a, 11:23

Skate parkearen egokitze proposamena jasotzen duen planoa.

Ibarra hiriguneak aisialdirako eskaintzen duen espazioa osatu guran, skate parkea egokitzea eta tirolina jartzea onartu du Oñatiko Udalak. Aurreikuspenen arabera, obrak udako oporretarako leudeke amaituta.

Batetik, 2013an eraikitako skate instalazioak egokituko dira. Egitura osatu gura da, erabiltzaileei skatean ibiltzeko espazio handiagoa eskainiz; horretarako, egungo instalazioari loturik egongo den pasarela eraikiko dute: 51,66 metroko luzera eta 6-8 metro arteko zabalera izango du. Bere aldetik, skate parkearen alboan dagoen bidegorria babesteko neurriak ere hartuko dira.

Fer Skateparks enpresak egingo du skate parkearen obra, eta 43.282,10 euroko (BEZa kanpo) aurrekontua izango du horretarako.

Tirolina

Bestetik, tirolina jarriko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoko artxiboaren eraikinaren alboan; 20 metroko luzera eta 50 zentimetroko desnibela izango du. Gunea osatu nahian, hiru mahai eta 50 metroko egurrezko itxitura ere jarriko dira.

Manufacturas Deportivas enpresak du tirolina egiteko ardura; 8.339 euroko (BEZa kanpo) aurrekontua du horretarako.

Ion Lopez gazteria teknikariaren esanetan, onarturiko egokitzeak "onuragarriak" dira herriarentzat: "Obra hauekin erabat osaturik geldituko da Ibarra hiriguneko aisialdi eskaintza". Gaineratu du, “haur eta gazteek sarri darabilten" espazioa dela.

Apaturiko egokitzeak, haur eta gazteek udal aurrekontuei begira eginiko ekarpenen emaitza dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak