Hil ala biziko partidua zuten gaur oñatiarrek, mailari eusteko borrokan. Izan ere, Kukullaga aurkari zuzenaren kantxa bisitatu behar zuten Etxebarrin –Bizkaia–. Partidua hasi aurretik, puntu bakarreko aldea zegoen bizkaitarren eta oñatiarren artean –Kukullagak hamahiru eta Aloña Mendik hamabi–. Hori horrela, garaipenak baino ez zien balio Lizarraren neskei, azken jardunaldia baitzen, eta halaxe egin dute. Partidu lehiatu baten ostean, bost goleko aldearekin irabazi dute. "Oso pozik gaude. Azken momentura arte sufritzen jakin izan dugu, eta helburua beteta, gustura gaude", adierazi du Ixone Lizarra entrenatzaileak.
Lehenengo zatian etxekoak izan dira nagusi, jokoari dagokionez. "Hasieran haiek erritmoa jarri diote partiduari eta guk huts tontoak egin ditugu", dio Lizarrak. Hala ere, berdinketarekin –13-13– iritsi dira atsedenaldira.
Lizarraren esanetan, bigarren zatian egon da gakoa. "Bigarren zatiko hasieran indartsu irten gara kantxara eta hiru-lau goleko aldea lortu dugu. Abantaila hori mantentzen jakin izan dugu, defentsan gogor arituta, eta hor egon da garaipena", azaldu du entrenatzaileak.
Garaipen honekin, Kukullaga aurreratu dute sailkapenean, mailari eutsiz. Hala, Emakumezkoen Euskadiko Senior Mailan arituko dira oñatiarrak datorren denboraldian ere.