Bizikleten eta oinezkoen elkarbizitza hobetzen laguntzeko dekalogoa egin dute Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 30a, 18:47

Herriko erdigunean oinez edo bizikletan doazenen arteko elkarbizitza errazten lagunduko duen dekalogoa egin du Oñatiko Udalak. Hiru ikastetxeekin eta Txirrinkarekin batera adostu ditu hamar puntuak, lehentasuna oinezkoari emanez.

Oinez eta bizikletan ibiltzen direnen arteko elkarbizitzaren alde, dekalogoa egin dute elkarlanean Oñatiko Udalak, herriko hiru ikastetxeak eta Txirrinkak. "Bizikleten ordenantza ez dago prest, baina gaia sozializatzeko dekalogoa atera dugu", dio mugikortasun zinegotziak, Irati Etxeberriak.

Herrigunean lehentasuna oinezkoek izan dezaten hartu ditu udalak azken erabakiak. Bizikletak ere ibil daitezke, baina batez ere horiek, bizikletan ibiltzen direnek, kontuan hartu beharreko puntuak jaso dituzte esku orri horretan, elkarri traba ez egiteko. Lehenengo puntuak, esaterako, garbi jasotzen du bizikleta ibilgailu bat dela eta oinezkoen alderdian lehentasuna oinezkoek izango dutela, beti. Eta bigarrenak dio hiri barruko ibilbideetan, oinezkoen bideak saihestu eta gorriz markatutako bideak erabil ditzaketela bizikletan doazenek, laneko joan etorriak edo erosketak egiterako, adibidez. "Espaloietan bizikletan ez ibiltzea eta abiadura zaintzea ere jasotzen da dekalogo honetan. Askotan ziztu bizian ibiltzen dira bizikletak erdiguneko kaleetatik eta hori ere neurtu egin behar dute", dio Etxeberriak.

Dekalogoak behin eta berriz gogora arazten du oinezkoen alderdian oinezkoek dutela lehentasuna. Hala, abiadura euren erritmora jaitsi behar da eta egoerak eskatuz gero, bizikleta eskuetan eraman behar da, segurtasun arrazoiengatik.  Bizikletan ibiltzerakoan aurikularrik eta mugikorrik ez erabiltzeko ere jasotzen da puntuetako baten. Baita maniobra zakarrik ez egitea eta txikiren bat egin behar denean aurrez eskuekin adieraztea.

Elkarrekin

Duela hilabete pare bat, urte hasieran, hasi zen udala esku orri hori prestatzen. Puntu batzuk jaso zituen baina ahalik eta osatuena izateko, herriko beste eragile batzuekin jarri ziren harremanetan. "Hiru ikastetxeekin eta Txirrinkakoekin egin genuen berba. Ekarpen bat baino gehiago jaso genituen eta proposamenak guztion artean landu ondoren, hamar puntu horiek adostu genituen", dio mugikortasun zinegotziak.

Erdiguneko kaleak oinezkoendako egokitu direnetik areagotu egin dira bizikletan edo patinetean doazenekiko kexak eta hori konpontzeko egin dute lan hau.  Dekalogoa dagoeneko prest dago eta herriko etxe guztietara bidaliko du udalak datorren astean. "Elkarbizitzaren aldeko apustua egin gura dugu", adierazi du Irati Etxeberriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak