Aurreko urteetan bezala, lau txandatan banatu dituzte kirol eskaintzak. Lehen biek dute eskaintza zabalena, era guztietako 22 aukera dituzte. Horien artean dira, besteak beste, zumba, aquaerobika, waterpoloa eta gazte spinninga. Hirugarren eta laugarren txandek, berriz, bi kirol aukera eskainiko dituzte: igeriketa eta ur jolasak.
Pala, neskei begira
Aurten, berrikuntza gisa, neskei begira diseinatu eta eraiki den eskaintza dakar udako kirol kanpainak: pala. "Beste herri batzuetan neska askok dihardute palan, eta hemen ez. Hor ikusi dugu hutsunea, eta arazoari irtenbidea emateko bitartekoak jartzeari ekin diogu", dio Oskar Carrascalek, Udaleko Kirol teknikariak. Dena den, ez dira neskei soilik bideraturiko plazak izango. "Edonork, neska edo mutil izan, du palan apuntatzeko aukera", argitu du.
Bestetik, erraketa kirol eta squash txapelketak egingo dituzte. "Gainerako kasuetan, kirola bera ikasi eta lantzea da xedea; txapelketen kasuan, baina, ohiko egitura eta helburuetatik harago, ondo pasatzeari eman diogu garrantzia", azaldu du Carrascalek.
Larrañako kirol instalazioak
Aurten, udako kirol kanpainak Larrañako instalazioak baliatuko ditu lehenengoz; bertan egingo dute multikirola. Kiroldegian sortzen den saturazioari aurre egiteaz aparte, Larrañako instalazioek eskaintzen duten kirol aniztasunerako aukera aprobetxatu nahi dute arduradunek. "Bere berezitasunak ditu: belar artifiziala duen futbol zelaiaz aparte, pilotalekua eta kirol anitzeko kantxa txiki bat eskaintzen dizkio erabiltzaileari", azpimarratu du Carrascalek.
Haren esanetan, "ohiko zein ezohiko" kirolak eskainiko ditu multikirolak. Horri dagokionez, tartean, boleibolaz, pilota jokoez, material alternatiboekin sorturiko jolasez eta eurek proposaturiko ekintzez gozatzeko aukera izango dute neska-mutilek.
Zozketa
Zozketa bidez antolatuko dituzte behin betiko izen-ematerako hitzorduak, martxoaren 30ean, eguenean. Oñatiko Udalaren webgunean eta kiroldegiko iragarki taulan jakinaraziko dituzte emaitzak. Horretarako, lehenik, aurre-inskripzio orria helarazi beharko da kiroldegira, martxoaren 27 eta 29 bitartean (09:00-13:30 eta 15:00-19:00). Behin betiko izen-emateak, aldiz, apirilaren 3tik 7ra izango dira.