Ezohiko partidua izan zen atzo arratsaldean Zubikoan jokaturikoa. Izan ere, epaileak Aloña Mendiko bi jokalari kaleratu zituen. Hasieratik berotu egin zen partidua eta horrek oñatiarrei kalte egin zien. "Lehenengo zatian , hirukoengatik, epaileen lanagatik edota kantxara lo atera garelako, ez dakit zergatik, partidutik atera gara eta hor nabaritu da diferentzia markagailuan", dio Ugartek. Hala, partidu guztian atzetik joan zen Aloña Mendi eta porrot garbia jasan zuten Aitor Ugarteren mutilek.
Sei partidu, sei final
Sei jardunaldi falta dira denboraldia amaitzeko eta Aloña Mendik mailari eusteko borrokan jarraitzen du. "Geratzen zaizkigun partiduak sailkapenaren behealdean dauden taldeen aurka ditugu. Beraz, esperantza dugu partiduak irabazi eta saikapenean gora egingo dugula, atzetik hiru talde utzi eta kategoria mantentzeko", azaldu du entrenatzaileak.
Helburu hori lortzeko, datorren astean partidu garrantzitsua izango dute oñatiarrek Bilbon, Berrio-Otxoa taldearen aurka. "Aurkari zuzena da eta beti esaten da partidu hauek bikoitza balio dutela, gu putzutik ateratzea eta haiek bertan sartzea suposatzen duelako".