Agur polita eman zioten oñatiarrek Abel Barriola pilota handiari. Oñatin jokatu zuen azken partidua izan zen atzo gauekoa leitzarrarentzat eta horren harira, omenaldi bat eskaini zion Aloña Mendiko pilota sailak.
Saileko kide diren Jon Romaratezabalak eta Mikel Tatiegik txokolatea, lore sorta bat eta koadro bat eman zioten Barriolari, partidua hasi aurretik, eta ondoren launakoa egin zioten dantzariak ere badiren zortzi pilotari gaztek, Gotzon Osinaga txistulariaren doinuez lagundurik.
Zubikoa pilotalekua bete egin zen leitzarra behar bezala agurtzeko. Bertaratutako pilotazaleek berotasuna eta gertutasuna erakutsi zioten uneoro Barriolari, eta honek, beti bezain adeitsu, eskerrak eman zizkien.
Abel Barriolak maiatzaren 6an jokatuko du bere azken partidua, Labriten.
13-22, Altuna eta Barriolarentzat
Partiduari dagokionez, Altuna eta Barriolak osaturiko bikote urdinarentzat izan zen garaipena, Ezkurdia eta Albisuren kaltetan. Hasiera parekatua izan zuen partiduak baina apurka-apurka aldea zabaldu zuten urdinek, eta garaipen erosoa eskuratu ahal izan zuten azkenerako.
Ez zen bereziki partidu ona izan, nahiz eta tanto ikusgarri batzuk egon ziren, zaleak altxatu zituztenak. Oro har, galdutako pilota dezente izan ziren, batez ere bikote gorriaren partetik, eta horrek eragina izan zuen bukaerako emaitzan.
Txokoan pare bat pilota ondo utzi zituen arren, Ezkurdia tantoak bukatu ezinik aritu zen, Altunak errazago bukatzen zituen bitartean. Atzean, berriz, orekatuago egon zen partidua, baina ataundarra ohi baino lotuago egon zen eta ez zuen pilota behar bezala gozatu ahal izan. Leitzarrari dagokionez, bere mailan aritu zen, pilota gutxi galduz eta erasoan ere tanto batzuk bukatuz.
Bitxikeria moduan, esan, Asegarce enpresako pilotari batek –Albisu– osatu zuela laukotea, Aspeko beste hirurekin batera.
Promozioko partiduan, emaitza bera
Jaialdiko lehenengo partidua promozioko txapelketakoa izan zen, eta bertan Arteaga II.ak eta Erasunek finalerako txartela eskuratu zuten. Sei tanto behar zituzten gorriek helburu hori lortzeko eta hori bakarrik ez, partidua irabaztea ere lortu zuten –22-13–. Lasok eta Iturriagak garaipena behar zuten finalera sailkatzeko, beraz, ezin izan dute helburua lortu.