goiena.eus

Ikasle gazteak enpresen erronkei bat-bateko konponbideak emanez

  Ekonomia  Oñati GAURKOAK

Gazte Got Talent lehiaketa egin dute gaur Mondragon Unibertsitateak Oñatin duen Enpresagintza Fakultatean. 16 eta 18 urte bitarteko euskal ikasleek Real Sociedad, Atlantikaldia, Loreak Mendian, BuaTxabal edo Orbea enpresetako ordezkariek planteatutako erronkak hartu dituzte, bat-batekotasunean erantzuteko talentua dutela erakutsiz.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak batxilergoko eta Lanbide Heziketako 50 lagun gonbidatu ditu, euren onenak erakutsi, eta momentuan planteatutako erronkei erantzuteko duten gaitasuna erakutsi dezaten.

Oñati, Laudio, Gasteiz, Markina, Arrasate, Urretxu, Zumarraga, Ordizia eta Zaldibiko ikasleek, Real Sociedad, Loreak Mendian, Orbea edo BuaTxabal bezalako enpresek planteatutako erronka errealak landu dituzte. Denbora tarte bat izan dute erronka horiei erantzuna emanez aurkezpen bat prestatzeko, eta ondoren taula gainean entzule guztiei azaltzeko.

Mondragon Unibertsitateko myGADE graduko ikasleek antolatutako jardunaldia izan da. Ikasketak eta lana uztartzen dituen Enpresa eta Administrazioko gradu bakarra da estatuan, eta unibertsitatean zein enpresetan landu beharreko konpetentziak garatzen dituzte ikasleek.

Enpresek kurrikulumei garrantzia ematen diete, baina jarrerak eta sormenerako gaitasunak ezin daitezke paper batean neurtu. Hori dela eta, gaurkoa bezalako saioak lagungarriak dira enpresentzat, eurek bilatzen dituzten talentudun ikasleak ikusteko.

Gaurko saioan honako hiru finalistak aukeratu ditu epaimahaiak:

  • Gasteizko taldea, Errealak planteatutako erronkarekin.
  • Urretxuko taldea, Atlantikaldiaren erronkarekin.
  • Oñatiko taldea, BuaTxabalen erronkarekin.

Orain talde aukeratuek ikus-entzunezko bat sortu beharko dute euren proiektua sakonago azaltzeko, eta ondoren, apirilaren 7an, Facebook, Instagram, Twitter eta Youtube sare sozialetan like edo atsegite gehien eskuratzen dituen proiektua izango da irabazlea. Sari gisa, Madrilera edo Bartzelonara bidaia, eta eurek aukeratutako kontzertu bat ikusteko sarrerak jasoko dituzte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa