Abel Barriola: "Bizitza etapak dira, eta, orain, pilota ixtea dagokit"

Mireia Bikuña 2017ko mar. 17a, 08:00

Maiatzaren 6an jokatuko du agurreko partidua Abel Barriolak (Leitza, 1978), hemeretzi urteko ibilbidea ixteko. Aurretik, beste hainbat partidu jokatu beharko ditu. Tartean, gaur, egubakoitza, Oñatin izango duena.

Aloña Mendi pilota eskolaren omenaldia jasoko duzu. Ezustekoa izan da?
Eskuz binakako txapelketaren barruan Oñatin partidua jokatzekoak ginen Altuna eta biok. Baina, lesioengatik, ez ginen lehia hartan egon, eta orain dator aukera. Altuna eta biok egongo gara bikote eginez, baina txapelketatik kanpo. Dena den, bihotzez eskertzen dut Aloña Mendiren omenaldia. Behin bakarrik jokatu dut Oñatin, baina oroitzapen oso onak ditut.

Pilota utziko duzu, sasoitsu egonda ere. Erabaki inteligentea izan da?
Eskuz binakako txapelketa jokatuko nuela esan zidatenean erabaki nuen erretiroa hartzea. Une hartan sentitzen nuena egin nuen. Sasoiko eta ilusioz gainezka egonda eta goi mailako txapelketa batekin utzi gura nuen profesional mundua. Eman nezakeenaren onena emanda nuela uste nuen. Bizitza etapak dira, eta, orain, pilota ixtea dagokit.

Askok pentsatuko dute sasoiko egonda erabakiak ez duela zentzurik. Zer diozu zuk?
Sentimendu eta sentsazio kontua izan zen. Nork bere bideak ditu pilota bizitzeko, eta nirea errespetuzkoa da.

1998ko otsailaren 22an debutatu zenuen Tolosan. Hemeretzi urteko ibilbidea egin duzu. Zer datorkizu burura?
Gehien gustatu zaidana egin izana: pilotan jokatu eta pilotarekin bizi. Nire afizioa eta ofizioa pilota izan da. Pribilegiatua izan naiz. Une honetan naizena eta bizitzan ikasitakoa pilotari zor diot. Hori da nire irakasgaia.

Lau t'erdikoa 2001ean, banakakoa 2002an eta binakakoa 2014an. Hiru txapel nagusiak jantzi dituzu. Zein da kuttunena?
Ba, akaso, txapelketak berak duen oihartzunarengatik, eskuz banaka irabazitakoa. Xarma handiena duena delako. Irabazteko zailena delako. Txapel baten atzean lan handia dago, izan banaka, binaka, profesionaletan edo beste maila batzuetan. Dena den, beste oroitzapen oso politak ere badaramazkit. Bereziki, egindako lagunak eta pilotariaren figuraren atzean dauden pertsonak.

Eta, maiatzaren 6tik aurrera, zer?
Ez dakit. Badaukat zer edo zer buruan, baina, oraingoz, pilotari bidea bukatu nahiko nuke, eta, ondoren, ondorengoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak