goiena.eus

Tasio Erkiziak 'Bizipenak eta hausnarketak' liburua aurkeztu du

 Oñati

Tasio Erkizia ezker abertzalearen kide historikoak Bizipenak eta hausnarketak izeneko liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, eta horren aurkezpena egin zuen atzo Oñatiko kultura etxean. Herriko Sortuk antolatutako ekitaldiak herritar ugari erakarri zituen. 

Eskarmentu luzea du Tasio Erkiziak politikagintzan, betiere ezker abertzalearen inguruan. Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kidea izan zen hogei urtez, eta instituzioetan ere aritu izan da. Erkiziaren hitzetan, Bizipenak eta hausnarketak liburua biografia soila baino, lekukotasun politiko bat da. Besteak beste, belaunaldi baten ametsak, galerak eta lorpenak partekatzen dira liburuan.

Herritar ugari gerturatu ziren liburuaren aurkezpenera eta Sortuko Aitor Lizarraldek aurkeztu zuen Erkizia. Ekitaldia hasi aurretik, Mikel Biain alkatea Ezker Abertzaleko kide historikoa agurtzera gerturatu zen. Erkiziak  apaiz izan zen garaitik Oñatirekin duen harreman estua gogora ekarriz hasi zuen hitzaldia. Ondoren, Bizipenak eta hausnarketak liburuan jasotako gaiei ekin zien. Lesakatik Bilbora eta frankismotik ziklo politiko berrira doan bidaia honetan, Erkiziak begirada hurbila eskaini die, bere ustez herri proiektuaren eraikuntzaren protagonista izandako norbanako eta prozesuei.

Erkizak baina, aurrerapauso horien meritua ezker abertzalearena baino, euskal gizartearen lana izan zirela azpimarratu zuen.Liburuaren egileak ezker abertzalearen mende erdia "esnatu, eraiki eta eutsi" aditzekin laburbildu du, baina Bizipenak eta hausnarketak ez da iraganean geratzen, Arnaldo Otegik liburuaren hitzaurrean dioenez, independentziazko etorkizun bat izateko iragana irakasgai eta oraina lanabes izan dute.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa