goiena.eus

"Erakusketa bat egiteko aukera izatea aparta da"

  Kultura  Oñati

Ander Etxaniz artista oñatiarrak pintura erakusketa dauka zabalik Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbon duten aretoan, Luz Estefania "lagun eta margolariarekin" batera; martxoaren 3ra bitartean egongo da ikusgai lan abstraktuz osatutako erakusketa.

"Erakusketa bat egiteko aukera izatea aparta da"
Ander Etxaniz, erakusketaren inaugurazio egunean, atzean lanak dituela. | Ikusi handiago | Argazki originala

Pasa den azaroan lanak Getxoarten erakusteko aukera izan zuen Etxanizek, eta horrek oraingo honetarako ateak ireki zizkiola azaldu du. "Haren bitartez lortu nuen Batzar Nagusietan erakusketa egiteko aukera hau. Luz Estefania artista eta lagunarekin elkarlanean egin dut", dio.

"Gaur egungo arte giroa zein den ikusita", onartu du horrelako aukerei ezin zaiela muzinik egin. "Aparta da erakusketa bat egiteko aukera izatea. Eskaintzen dituzten baldintzak oso onak dira, gainera", zehaztu du hark.

Ikusgai dauden margolanei dagokienez, olio pinturak dira, oihal zein paperaren gainean. Bi artisten lanak abstraktuak dira. Hala ere, Etxanizek ez du hitz hori gustuko. "Abstrakzio hitza erabiltzea ez dut gustuko, figurazioaren eta abstrakzioaren artean diferentzia handirik ez dagoenez, baina, tira, ulertu dadin", azaldu du, eta gaineratu, bien pinturak ez direla errealitate fisikoaren errepresentazio zuzen bat. "Pintura beraren prozesuak eramaten gaitu harat-honat, eta pinturan murgildurik gaude, berau medio bezala ulertuta", azpimarratu du.

Erakusketa egitea proposatu zietenean, pentsatu zuten ondo ezkontzen zirela bi artisten pinturak eta egokia izango litzatekeela bien lanak batzea. Horren harira, Joseba Eskubi eta Luis Candaudap artistek testu eder bana idatzi zuten erakusketaren katalogorako. "Luz eta biok era antzekoan gerturatzen gara pinturara, nahiz eta nork bere egiteko era eta prozesua duen, eta horrek emaitzan ere eragiten du, bistan denez", dio Etxanizek.

Bi artistek Euskal Herriko Unibertsitateko Pintura Departamentuaren diru laguntza izan dute, materialen gastuari aurre egiteko.

Balorazioa, positiboa

Etxanizen esanetan, inaugurazio egunean bertaratu zirenen gustukoa izan zen erakusketa. "Dena den, ez zen arte kritikaririk etorri, lagunak eta familiakoak izan ziren gehienik, eta badakizu, besterik zer esango dute, ba...", adierazi du. "Badut pintore lagun zintzoak izatearen zortea", jarraitu du. "Haiek egin zidaten ikusi zutenaren kritika, beraien ikuspuntutik".

Kritikak, orokorrean, disposizioaren gainekoak edo lanen hautaketaren gainekoak izaten dira erakusketetan, oñatiarrarren arabera. "Beti dago zer hobetu eta ona da distantzia bat duen norbaiten ikuspuntua izatea, zaila izaten da-eta norberaren erabakiak egokiak diren jakitea", bukatu du.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa