"Kantu alaia da, baina badu nostalgia puntu bat ere zati batean"

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ots. 24a, 09:12
Harkaitz Allur trikitilaria

Bost pieza eta pertsonaien balsa dantzatuko dituzte bihar Oñatin kalez kale aurtengo Inauteri festan. Piezetako bat berria da, Harkaitz Allurrek sortutako Ordu txikitan izeneko polka.

Nolatan sortu duzu pieza berri bat Oñatiko Inauterietarako?

Badira urte batzuk inauterietan Oñatz dantza taldeko dantzariekin batera irteten garena, gure instrumentuekin musika ipiniaz, eta jada badugu errepertorio bariatu bat, gehienak Antonino Ibarrondo musikariak konposatutako lanak, gure instrumentuetara egokituta. Taldeko baten proposamena jaso nuen, doinu dantzagarri bat sortzeko ideiarekin, eta halaxe izan zen.

Ze izen du piezak?

Ordu txikitan du izena abestiak, izan ere gaueko ordu txikietan burura etorritako doinu eta ideiek mamitu zuten pieza hau, eta polka baten forma hartu. Trikitilariontzat ez da ohikoena genero musikal hau, baina horretan egin dugu ahalegina.

Orain arte Oñatiko Inauterietan entzun izan direnengandik ezberdina ei da. Ze berezitasun ditu? Zertan inspiratu zara pieza sortzeko?

Kantu bat sortzeko pentsaeran hasten naizenean niretzat garrantzi handia dute matiz txikiek; kantu bakoitzak bere esentzia eta ezaugarriak izan behar ditu, eta horretarako ezinbestekoa da sortze garaian horretan pentsatzea, doinu eta erritmo formula egoki batekin konbinatzea alegia. Kasu honetan dantzariak izan ditut batez ere kontzientzian, jai giroa, eta aldi berean desfile batean antzezle eta ikuslegoaren artean bizitzen diren momentu horietako sentsazioek inspiratu naute doinu berri hau emateko. Kantua alaia da, jostagarria, baina aldi berean badu nostalgia une bat ere bere zati batean.

Ikusi duzu zer nolako dantza egokitu dioten piezari Oñatz dantza taldekoek eta Aratusteak antolatzen ari diren gazteek? Zer diozu? Gustatu zaizu emaitza?

Lan bikaina egin dute, eta oso denbora tarte laburra izan dute horretarako. Musikarekin oso ondo konbinatzen duen dantza jolasgarria sortu die, kantuaren zati bakoitzaren doinuak transmititzen duen sentsazioari dagokion dantza mota aurkituaz; Kantuak, hasten den momentutik amaitzen denera arte bide bat egiten du, eta beste horrenbeste lortu dute Oñatz dantza taldekoek euren pausuekin. Asteburu honetan estreinatuko dugu Trikitxarangako lagunekin batera, giro eta lagunarte ederrean. Aipamen berezia Iñigo Ugarteri ere, bere laguntza ezinbestekoa izan da taldea osatzen duten gainontzeko instrumentu desberdinentzat moldaketak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak