Maider Arregi: "Ditudan bertso saioetan disfrutatzen saiatzen naiz"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ots. 23a, 17:09
Maider Arregi bertsotan Abra saria jaso ondoren. (Iturria: Albe)

Maider Arregi bertsolariak (Oñati, 1996) XVI. Abra saria irabazi du. Zapatuan jokatu zen sariketa Ereagako La Ola jatetxean. Oñatiarrak Joanes Illarregi leitzarrarekin jokatu zuen buruz burukoa. Peru Abarrategi bertsolari aramaioarrak hirugarren egin zuen.

Lehenengo eta behin zorionak. Zer da Abra sariketa?
Eskerrik asko. Abra sariketa bertsolari gazteendako Algortan urtero antolatzen duten txapelketa bat da. Lehenengo aldiz hartu dut parte. Ez nengoen egonda.

Iritsi eta txapela jantzi, orduan.  
Gustura egin nuen bertsotan eta gaiak orokorrean interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Egia da baita ere kontzentratzekoarazoak izan nituela: ostiral gaba zen, afalostea... nekea sumatzen nuen, baina lortu nuen horri kontra egitea.

Peru Abarrategi, Txaber Altube, Ane Beloki, Joanes Illarregi eta Unai Mendiburu bertsolariekin batera aritu zinen. Ondo ikusi zenituen?   
Joanes Illarregi geratu zen bigarren, eta oso oso ondo ibili zen. Besteak ere bai. Uste dut maila oso ona egon zela.

Aramaioko Peru Abarrategi nola ikusi zenuen?
Oso ondo baita ere. Hirugarren geratu zen. Pentsatzen dut Arabako txapelketa dela-eta entrenatzen ibiliko dela, eta igartzen zen. Umorez eta gaiei ondo erantzuten ikusi nuen.

Gaiak interesgarriak irudi zitzaizkizula esan duzu. Zeintzuk adibidez?
Zortziko handian amamaren eta bilobaren paperean jarri gintuzten; egoitzara amama bisitatzera joaten ez den bilobaren eta haren amamaren arteko elkarrizketan. Betiko gaia da baina niri asko gustatzen zaizkit horrelakoak. Puntuka, berriz, bakoitzari buruzko galderak erantzun behar izan genituen eta asko eskertu nuen detailea.  

Denbora asko eskaintzen diozu bertsolaritzari gaur egun?
Egia esan ez. Ikasketak direla-eta Donostian bizi naiz orain eta saiatzen naiz astean behin bertso eskolara joaten errutina bat mantentzeko. Ez dut gura galdu. Gainerakoan baditut saiotxo batzuk eta saiatzen naiz horietan disfrutatzen.
Aurreikusten duzu epe laburrean  bestelako sariketaren batean parte hartzea?
Bai. Apirilaren 1ean jokatuko den Osinalde bertso sariketan parte hartzeko asmoa daukat.

Eta saio hori prestatzeko asmoa daukazu?
Bai, baina egia esan ni ez naiz prestaketa bereziak egitekoa. Ez naiz koadernoarekin ibiltzekoa. Saiatuko naiz bertso eskolara astean bitan joaten. Nahiago izaten dut bertso eskolara joan eta han ariketak egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak