Sorpresak egongo dira Oñatiko biharko Inauteri festan

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ots. 21a, 13:38

Joan zen urtean ere kalez kale ibili ziren dantzan. (Argazkia: Imanol Soriano)

250 lagunek hartuko dute parte, baina eurekin batera dantzan egiteko gonbidapena dute herritar denek. Aurreko urteetako piezez gain, berria estreinatuko dute aurten. Harkaitz Allurrek sortu du, eta Oñatzen laguntzarekin dantza jarri diote. Gaur, domekan eta martitzenean ere Inauteri giroa egongo da herrian.

"Berritasunak egongo dira. Sorpresak", aurreratu du Arkaitz Bengoak, Inauteriak antolatzen ibili den taldeko kidea denak.

Misterio horrekin aterako dira 250 herritar Olakua auzotik bihar, 11:30ean, Inauteri festako arropaz jantzita. 25 baino gehiago musikariak izango dira, beste 30 pertsonaiak, eta gainerakoak herritarrak, dantzariak.
Goizeko ekitaldia aurreko urteetakoa baino luzeagoa izango da eta arratsaldekoa inoiz baino beranduago hasiko dute: 17:45ean irtengo dira Zubikoa kiroldegitik eta Bidebarrietan, Kalegoienan eta Kale Barrian egon ostean, 20:00etan egingo dute eguneko azken ekitaldia Foruen plazan. 

Kilometroak 2017k antolatuta, bestalde, astoaren pisua asmatzeko lehiaketa egingo dute bihar goizean Foruen plazan, 10:30ean. 11:30ean, berriz, txorizo pintxoak eskainiko dituzte Portu plazatxoan eta 19:00etan, saiheski pintxoak emango dituzte plazako arkupetan, poltsa denda zegoen parean.

Martitzenean gehiago

Domekan Oñatz dantza taldeko dantzariak berriz aterako dira kalera Inauteri dantzak egitera. Aita Madina taldeko txistulariek eta Jose de Azpiazu Musika Eskolako akordeoi ikasleek ere hartuko dute parte 18:30ean hasiko den Luzaideko dantzen kalejiran. Martitzenean Aratusteetako bestelako mozorroak jantzita ibiliko dira ume eta gaztetxo asko. Zubikoan Katapuntxispun ikuskizuna egongo da 17:00etan, eta kalean, elkartasun txokolatea eta txorimaloak 18:00etan; 19:00etan disko festa gaztelekuan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak