Hitzarmena sinatu dute Kilometroak 2017k eta Ekoliok

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ots. 15a, 13:01

Iaz Bergarako Aranzadi Ikastolarekin hartutako konpromisoari jarraipena emango diote aurten Txantxiku ikastolan, Kilometroak 2017k eta Ekoliok sinatu duten hitzarmenari esker. Besteak beste, ikastolako jangelako olioa Ekoliok jasoko du aurrerantzean, eta ikastolan bertan edukiontzi bat jarriko dute ikasleek erabilitako olioa eraman dezaten.

Kilometroak Kultur Elkartearendako pozgarria da bigarren urtez jarraian Ekoliorekin hitzarmena sinatzea. Izan ere, iaz Bergarako Aranzadi Ikastolarekin hartutako konpromisoaren jarraipena izango da aurtengoa. Patxada handiagoz, egitasmo hau Gipuzkoako ikastolen artean zabaltzeko aukera izango dutela azaldu du Kilometroak Kultur Elkartearen presidente Nekane Artolak, eta gaineratu ingurugiroaren zaintzan beste urrats bat izango dela: "Ingurugiroa zaintzeko neurriak hartzeko erabakia aspaldi hartu zuen Kilometroak Kultur Elkarteak, eta horren adibide dira azken urteotan eman diren praktika desberdinak; edalontzi berrerabilgarriak, birziklatze tasa ahalik eta handienak lortzea, ontzi arinen erabilera murriztea... Eta Ekolioren sinatuko dugun hitzarmen honekin beste urrats bat aurrera egiten dugu, hitzarmen honek ez baitigu egun baterako konpromisoa eskatzen, urte osokoa baizik", adierazi du.

Ekolioko Haimar Arozenak, bestetik, adierazi du Ekoliorekin herritarrek ematen dieten hori, herriari bueltatu nahi dietela. Euren zeregina hauxe baita labur azalduta: hondakin bat errekurtso bihurtzea, hau da, sukaldetatik produzitzen den olio erabilia, prozesuaren bukaeran, biodiesel bihurtzen da.

Ikastolako jangelako olioa Ekoliok jasoko du aurrerantzean eta edukiontzi bat ere jarriko dute Txantxiku Ikastolan bertan ikasleek etxean erabilitako olioa eraman dezaten.

Aurtengo hitzarmenari dagokionez, Ekoliori dagozkion bi zeregin nagusiak hauek dira: Kilometroak 2017ko jasangarritasun batzordearekin elkarlanean aritzea eta sukaldetatik jasotako olioaren trataera eta salmenta ondoren lortutako %10a Kilometroak Kultur Elkarteari ematea. Aipatu behar da, iaz Aranzadirekin lan horretan hasi zirenetik, euren kolaboratzaile kopurua bikoiztu egin dutela.

Bukatzeko, olioa birziklatzeko deialdia egin diete oñatiarrei eta baita debagoiendarrei ere, horren bitartez, gizartearendako onuragarriak diren emaitzak daudela ikusten dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak