Gustura gelditu dira antolatzaileak goizak eman duenarekin. Eguraldiak ez du gehiegi lagundu baina oñatiarrak animatu dira Kilometroak Txikian parte hartzera eta azkenean, zirimiri eta haizeari aurre eginez, 1.500 pertsonak egiten dute lau kilometrotako ibilbidea. Bidean ez da musikarik falta izan, trikitilari eta txarangaren laguntza izan baitute parte hartzaileek. Plazan eman zaio bukaera egunari, umeendako jokoekin. Mokadutxoa jateko aukera ere egon da eta Kilometroetako arropa ere erosteko aukera izan da.
Esker hitzak
Auzolana da 2017ko Kilometroak egunerako Txantxiku Ikastolaren lan ildoetako bat eta gaur ere argi gelditu da horretatik badutela. "Gaurko egunak antolakuntza lan dezente eskatu digu eta herriak ondo erantzun du. Ezin izango genuke Kilometroak jaiaren bueltan lanean ari diren guraso, irakasle, ikasle eta herritarren laguntza barik egin. Lehen esker hitzak eurendako dira, baita lagundu gaituzten erakunde eta babesleendako ere", adierazi du Ibartzabalek.
Irailak 24ra begira
Ikastolen Elkarteko Kilometroetako koordinatzaile Mikel Egibarrek, bestetik, lanaren eta ondo pasatzea elkarrekin lotuta doazela nabarmendu du. "Biak dira bateragarriak eta gaur hori ere argi gelditu da", adierazi du. Eta gaineratu du: "Gaur haur eta gazteekin egindako zirkuituak balioko digu Irailak 24ko hori ondo prestatzeko. Kilometroak metroka eraikitzen dira eta gaur metro bat baino gehiago egin ditugu".
Mugikortasun arazoak dituztenendako egokia
Gaurko ibilbidea egitera Trauti elkarteko kideak gonbidatu dituzte antolatzaileek. Ibilbidea mugikortasun arazoak dituzten herritarrendako egokia izan dadin gura du antolakuntzak eta gaur Trautiko hiru kide izan dira bertan. Euren esanetan, "oso ondo dago ibilbidea, arazo barik egiteko moduan". Zerbait esatekotan, adierazi dute, Santa Lutziatik Murgialdai baserrirako tartean lurra jasota dagoela toki batzuetan. "Hala ere, ez da zati guztian eta hori saihestuta aise egin daiteke aurrera" adierazi dute. Trauti elkartekoak oso eskertuta agertu dira, Txantxiku Ikastolak kontutan hartu dituelako ibilbidea osatzerako orduan.