Lehenengo fase honetan Txinparta 2 taldearekin batera multzoa osatzen dute Zarautzek eta Asteasu-Zizurkilek. Bada, lehenengo saioa zarauztarren etxean egin zuten atzo, egubakoitza, Txikipolit jatetxean: "Harrera polita izan zuen saioak, ehun lagundik gora geunden aretoan", adierazi du Xabi Igartuak. Oñatiko hirukoa osatu zuten Maider Arregik, Gontzal Belategik eta Urko Arregik: "Lan txukuna egin zuten, orokorrean ondo egon zen saioa. Baina, egia da aurrean izan zituzten bertsolariak maila oso onekoak direla, zarauztarrek dute-eta talde indartsuenetako bat. Iñigo Manzisidorrek, Naikari Gabilondok eta Felix Zubiak osatzen dute zarauzko hirukoa, eta horiek puntako bertsolariak dira". Saio azkarra izan zen, ikusleendako arina, formatuak berak horretan laguntzen du-eta: "Gainera, ariketa batzuk ezohikoak dira. Neurri batean, esperimentatzeko fasea da".
Bada, epaileek saio amaieran 18 puntu eman zizkien zarauztarrei, eta oñatiarrek 6 puntu ekarri zituzten bueltan. Bertsolariek martxoaren 12ra bitartean jokatuko dute lehenengo fase hau, eta hiru talde horietatik lehenengoak egingo du aurrera, hurrengo fasera.