Herstura taldeak disko berria argitaratuko du: 'Metamorfobia'

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 3a, 10:19
Herstura taldea, Olakuako jaietako kontzertu batean.

Otsailaren 25ean izango da aurkezpena, gaztelekuan, Willis Drummond taldearekin joko duten kontzertuan, 22:00etan.

Herstura musika talde oñatiarrak hirugarren lana grabatu berri du, Metamorfobia izenekoa, eta hilabete honetan aurkeztuko du. Hain zuzen ere, otsailaren 25ean Oñatiko gaztelekuan izango da disko berriaren aurkezpena, Willis Drummond talde ezagunarekin batera eskainiko duten kontzertuan.

Zazpi abestiz osatutako lana da Metamorfobia, lehengo musika estiloari eutsiz, Jagoba Martin Herstura taldeko kidearen esanetan. "Nahiko berdintsua da disko berria. Desberdintasun bakarra, agian, abesti luzexeagoak direla, baina, bestela, oso antzerakoa da", adierazi du.

Andoaingo Garate estudioan grabatu du diskoa talde oñatiarrak. "Grabatu, nahastu eta masterizatu astebetean egin dugu, guztia ondo joan da", azpimarratu du Martinek.

Hirugarren lana

Esan bezala, taldearen hirugarren lana da Metamorfobia. Izan ere, aurretik beste bi lan ere badituzte oñatiarrek. Batetik, Herstura, lehenengoa, sei abestiz osatutakoa. Eta, bestetik, Annuis Coeptis, lau abestiz osatutakoa.

Honako hauek osatzen dute taldea: Jagoba Martin gitarra eta ahotsak; Xabi Pico gitarra eta ahotsak; Unai Pata baxua eta ahotsak eta Mikel Marco bateria eta ahotsak.

Kontzertuan diskoa salgai

Otsailaren 25eko kontzertuan jarriko dute salgai diskoa. "Oraindik ez dugu erabaki ze preziotan egongo den salgai, baina kontzertuan erosteko aukera egongo da. Gainera, herriko taberna batzuetan ere jarriko dugu ordutik aurrera", nabarmendu du Martinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak