Oñatiko Txantxiku Ikastolak jarraipena emango dio iaz Bergarako Aranzadik martxan jarritako Kilometroak Txikia ekimenari.
Otsailaren 12an egingo dute, eta batez ere haur eta gaztetxoei bideratuta egongo da. Irailaren 24rako lantzen dabiltzan zirkuitua probatzea da ekimenaren helburuetako bat. Ibilbidea Txantxiku Ikastolan bertan hasiko da, 11:00etan egingo den zinta mozketarekin, eta Aloñaren magalean barneratuko da gero: Bidebarrietatik Santa Lutziara igoko dira, gero San Martinetik eta Kale Barriatik jaitsi eta Foruen plazan amaitzeko. Ibilbidea osatzeko ordu eta erdi beharko dutela aurreikusten dute antolatzaileek.
Festa giro nabarmena izango du gainera Kilometroak Txikiak, eta horretarako herriko hainbat taldek hartuko dute parte, besteak beste dantzariek, txorimaloek eta musikariek.
Txantxiku Ikastolakoek, gainera, Trauti elkartekoak ere gonbidatu dituzte Kilometroak txikira, ibilbidea probatzeko eta gutxituendako aproposa izan dadin laguntzeko.
Zapiekin joateko deia
Antolatzaileek Kilometroak Txikian Lekaixoka! zapiak janztera animatu dituzte herritarrak. Egunean bertan eskuratu ahal izango dira zapiok, baina baita aurrez ere, esaterako, Kilometroak dendan. Era berean, otsailaren 6an, 8an eta 10eanan ikastolako patioan ere jarriko dute zapiak saltzeko postua, 16:30etik 17:15era.