Emakumezko aktore onenaren saria jaso du Guggenheim Productions talde irabazleko Ainhoa Igartzabalek eta gizonezko aktore onenaren sailean bi izan dira sarituak, biak ere Gero Pentsauku taldekoak; Egoitz Aizpuru eta Ibai Elortza, alegia.
Zazpigarrena ere arrakastatsu
Zazpigarrena bete du aurten Oñatiko Laburmetrai Rallyak eta urtetik urtera indartsu mantentzen dela argi gelditu da oraingoan ere. 20 taldek hartu dute parte –hori da gehienezko kopurua–, eta inskripzio epea ireki eta bigarren egunerako emana zuten izena talde guztiek: "Pena da, baina bi talde kanpoan gelditu dira", esan du antolatzaile Aitor Perosterenak.
Gaia eta objektua
Aurreko urteetan genero jakin baten testuinguruan egin behar bazuten lana, aurten antolatzaileek gaia eman dute, generoaren ordez. Hala, haragijaleak vs beganoak izan da hori. Derrigorrez erabili beharreko objektua, berriz, borragoma. Horrez gain, parte hartzaileek, antolakuntzak ezarritako hamar lokalizaziotik bi erabili behar zituzten, ezinbestez. Guztiak ziren kalekoak: "Hamar lokalizazioak daude kalean eta gaurko eguraldia kontutan hartuta, izango zituzten zailtasunak. Badaude moduak kalean ez grabatzeko, adibidez, toki horiek argazkitan sartuta...", zioen Perosterenak.
Inoiz baino arinago eta hobeto
Antolatzaileek nabarmendu zuten, aurten inoiz baino arinago entregatu dituztela lanak: "18:00retarako batzuk entregatuta zuten iada, eta hori ez da normalena". Bestetik, kalitateari dagokionez, urtetik urtera gora egiten dutela nabarmendu du Perosterenak: "Geroz eta maila altuagoa dago. Aurten sei bat lan ibiliko dira lehian".
Epaimahaia oñatiarra
Anton Arangurenek, Martin Jauregialtzok, Itsaso Polek eta Aitor Mantxolak osatu dute aurten epaimahaia. Guztiak ere oñatiarrak. Film laburren emanaldiaren ostean eman zuten euren erabakiaren berri.
Santa Ana beteta
Santa Ana bete egin zen ohi bezala, film laburren emanaldia ikusteko. Aurretik, parte hartzaileek photocall-ean argazkiak egin zituzten; ondoren egin zuten emanaldia. Parte hartzaile, antolatzaile zein ikusle, guztiak ere, oso gustura gelditu ziren.
Hemen duzue laburmetraia irabazlea. Guggenheim Productions taldearen Haragi Gosez.
Hemen bigarren sariduna. LPM Productios taldearen Xerrenda.
Eta hemen hirugarrena. Delarrima taldearen kitaborrobitx
Publikoaren saria eskuratu zuen Dwingi Dwingi taldearen Hi, sustantzia.