Batak bestea elikatu guran

Aitziber Aranburuzabala 2016ko aza. 5a, 10:00

Irakurlea ez da izaki bakartia izenburua zuen solasaldia egin zuten Maialen Lujanbio bertsolariak eta Harkaitz Cano idazleak. Nor bere esparrutik, besteak beste, bakarkako eta taldekako lanaz, bertso eskola eta idazketa eskolez eta publikoaren eraginaz jardun zuten.

Euskarazko Literatura Taldea gidatzen duen Danele Sarriugarte idazleak markatutako gidoiarekin, ordu eta erdi inguruan, belarriak gozatzeko moduko kontu polit asko esan zituzten hiruren artean.

Bi arloen arteko harremanaz

Gaian sartzeko, berotze aldera, bertsolaritzak eta literaturak elkarren artean duten loturaz galdetuta ekin zioten berbaldiari. Lujanbiok orain dela 40 urteko eta gaur egungo bertsolaritzaren artean dagoen ezberdintasuna azpimarratu zuen, hasteko. "Lehen, beste testuinguru eta beste jendarte batean egiten zen bertsotan, eta, orokorrean berba eginda, literaturak eta horrelako erreferentziek ez zuten indarrik izango, nahiz eta bazeuden bertsolariak irakurriagoak eta jantziagoak zirenak. Gaur egungo bertsogintzara etorrita, gure belaunaldi eta gazteagoenganako, literatura ezinbesteko iturria eta erreferentzia da. Gure mundu erreferentziala osatzen dute: literaturak, zinemagintzak, eta bestelako sortze ereduek. Gure iturriak horiek ere badira. Literatura, gaur egun, hurbileko jarduna da, eta, gainera, lehen ez bezala, gaur egun, harremana naturala da idazleen eta bertsolarien artean".

Canoren ustetan, aspaldikoa da arlo bien arteko lotura.  "Lurralde komun asko daude; demagun, kantagintza. Kantu asko daude idazleek egindakoak; eta ez orain bakarrik. Hor zeuden: Gabriel Aresti, Jon Mirande... Hor badaude literaturaren eta bertsogintzaren arteko zubiak, kantagintza tarteko, betidanik egon direnak eta etengabe izan direnak. Era berean, harrigarria iruditzen zait ez egotea euskal literaturaren historian bere protagonista bertsolari arketipiko bat duen eleberririk. On Kixote bertsolari bat. Bertsolaria besteko literarioak diren pertsonaia gutxi daude".

Bertso eta idazle eskolak

Bertso eskolen sorrerek ekarri zuten bertsolaritzaren garaikidetzea, Lujanbioren ustetan; eta horrek ekarri du bertsolariek harreman naturalak izatea antzerkigileekin, idazleekin, zinemagileekin; eta, ondorioz, askotariko elkarlanak egitea. "Era berean, iruditzen zait gaur egungo bertsolaritzan bat-batekotasuna idatziz ikasten den heinean, bertsolaritzari eta bertsogintzari eragin diola, eta, ondorioz, erregistro idatziagoan egiten dela orain bertsotan. Ondorioz, bisualagoak dira bertsoak, narrazio gehiago dute, deskripzioak ere bai, gehiago garatzen dituzte istorio formatuko bakarkako gai horiek. Hau da, literaturaren ezaugarri batzuk bereganatu ditu bertsolaritzak; baina baita zinemagintzatik edo musikatik ere. Horren erakusle, gaur egun, ez dugula bakarrik garai bateko doinuekin kantatzen".

Canok lekukoa hartuta, bertso eskolei literaturatik inbidiaz begiratzen dietela esan zuen. "Idazle eskolak badauden arren, oso asimetrikoak eta anitzak dira -parte hartzaileen adinari  eta helburuei erreparatuta- eta horregatik oso zaila da kideen arteko talde izaera mantentzea. AEBetan idazten ikasteko eskolen  tradizioa dago, baina, hemen, oraindik ere musen kontu hori dago. Literatura egiten erakustea desartikulatuta dagoen zerbait da; eta bertsolaritzak oso ondo landu du arlo pedagogikoa".

Taldekako ala bakarkako lana?

Bertso eskolen arrakastaren gakoetako bat, Canoren ustez, bertsolariek duten talde izaera da. "Elkarrekin egotera ohituta zaudete. Elkarrekin joaten zarete saioetara, saio tarteetan berba egiten duzue... Elkar ondo ezagutzeak gauza asko errazten ditu. Gure arloan, berriz, nor bere aldetik doa, gehienetan". Lujanbiok gaineratu zuen, orduan, bertsolariek taldetasunaren kontzientzia izateak taldea lotzen duela, eta egoa apaltzen.

Idazleak, orokorrean, bakarrik egiten du lan, baina, une zehatz batzuetan, editorea du lankide. "Editorearen figura aldarrikatzen dut nik; izan ere, editoreak barruan duen idazlea sakrifikatu du beste idazleen alde. Elkarrizketa asko izaten dituzu editorearekin, eta, kasu gehienetan, liburua osatuagoa da editoreen eskuetatik pasatu eta gero".

Era berean, itzultzailearen eragina ere aipatu zuen Canok. "Ez dut berdin idazten idatzitako lanak itzultzen dituztela dakidanetik. Noiz eta non irakurriko duten ahazten saiatzen naiz, nire idazteko moduan eraginik izan ez dezan".

Zuzenean eta diferituan

Bertsogintzan, publikoa sorkuntzaren parte dela zioen geroago Lujanbiok. "Askotan, badakizu zer kantatuta gustatuko den ala ez, baina, akaso, ez duzu hori kantatzeko gogorik. Publikoarekin etengabe negoziatzen ari da bertsolaria. Ikuslearen aurpegiek, txaloek.... etengabe eragiten dute gure jardunean. Gakoa, publikoak noraino eragin nahi duzun jakitea da".

Idazleen kasuan, aurrean fisikoki publikorik ez duten arren, kondizionamenduak daudela erantzun zuen Canok: "Gure kasuan, publikoaren eragina  diferitua da. Aukeratzen duzun idazteko gaiak eragina izan dezake gero, nork eta non irakurri duten liburua. Irakurle txokoak sortu bitartean, gure publikoa  irudikaria zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak