Logotipo berriak aurkeztu ditu Txantxiku Ikastolak

Eneko Azurmendi 2016ko urr. 27a, 09:51

Bata aurtengo ikasturtean –2016-2017– erabiliko dutena, ikastetxearen 50. urteurrena islatzen duena; eta bestea, ikasturte honetatik aurrera erabiliko dena. Aurrez, beste bi logotipo izan ditu ikastolak. Orain arte erabili dena 1992-1993 ikasturtean ezarri zuten.

Zigor Ibartzabal ikastolako zuzendariak azaldu duenez, logotipo berria egiterakoan, "argi" eduki dute "txantxikuarekin eta txantxikuaren herriarekin orain arte eduki den lotura hori" mantendu behar zutela. "Kasu honetan, txantxikua bera hartu beharrean, txantxikuaren oinetan oinarritu gara", adierazi du.

Gaineratu du, txantxikuak "hiru edo lau hatz" eduki ditzaketela, baina beraiek hirukoa aukeratu dutela. "Gure hezkuntza proiektua hiru etapetan banatzen da, beraz, hatz bakoitzarekin etapa bat irudikatu nahi izan dugu", azpimarratu du Ibartzabalek. Horrez gain, hiru hatzak oin berean jarri gura izan dutela ere aitortu du, ikastolaren hezkuntza proiektuak daukan "koherentzia eta sekuentziazio hori" islatu nahian.

Hostoa

Hau guztia hosto baten baitan dauka logotipoak, naturari "keinu bat" egite aldera eta, beti ere, "organikotasuneranzko" norabidean. Berde kolorearen degradazioarekin, irudi berriari "sakontasuna" eman nahi izan zaiola azaldu du zuzendariak.

Letra tipoa

Letra tipoari dagokionez, bi aldaketa nabarmen izan dira. Alde batetik, "modernizatu" egin da eta bestetik, letra xehez idatzita dagoela, "korronte berriak" direla eta.

50. urteurrena

Aurten mende erdia betetzen ari da Txantxiku Ikastola eta aukera egokia ikusi dute irudia berritzeko. "Ikasturte berezia da guretako aurtengoa", zehaztu du Ibartzabalek. "Hezkuntza eredu berritzaile bat martxan jartzen ari gara eta horrekin batera irudia gaurkotu gura izan dugu", gaineratu du.

Honekin lotuta, urteurrena betetzen ari diren ikasturte honetarako, logotipo bat sortu dute. "Ikasturte honetan urteurreneko logotipoa erabiliko dugun arren, hemendik aurrera gure komunikazioa eta agerpen guztiak logotipo berriarekin egingo ditugu, aurrez aurkeztutakoa, hain zuzen", dio zuzendariak.

Bestalde, esan, Arteman komunikazio agentziarekin elkarlanean burutu dituztela bi irudi korporatiboak.

Kilometroak 2017

Esan moduan, ikasturte berezia izango da ikastolarentzat aurtengoa, urteurrenaz gain, Kilometroak 2017 jaialdia antolatuko baitu ikastetxeak. "Jaialdi honen baitan, guztia oinarritzen da herritarren eta hezkuntza komunitateak osatzen dugun auzolanean. Lantalde ezberdinak lanean ari dira eta beste batzuk hasiko dira laister", nabarmendu du Aitor Guridi ikastolako presidenteak.

Azaroaren 11n, aurkezpena

Kilometroak 2017 jaialdiaren aurkezpen ekitaldia azaroaren 11n izango da. Bertan, jaialdiaren logotipoa eta leloa aurkeztu eta arropa erakutsiko dute.

"Honekin batera, esan, Kilometroak 2017ko ekintzak eta ikastolaren urteurreneko ekintzak, batera joango direla", bukatu du Guridik.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak