Bertsolariak erlojuaren kontra lehian

Txomin Madina Milikua 2016ko urr. 8a, 16:20

Atzo gauean izan zen Oñatin normalean Herri Egunaren bezperan egiten den bertso jaialdia eta sei bertsolari aritu ziren agertoki gainean. Lan bereziak egin behar izan zituzten, tartean erlojuaren kontra bertsotan aritzea.

Akaso beste aldi batzuetan baino gutxiago, baina bertsozale asko elkartu ziren atzo Oñatiko Zubikoa kiroldegiko frontoian Maider Arregi eta Urko Egaña oñatiarrek eta Maialen Lujanbiok, Amets Arzalluzek, Aitor Mendiluzek eta Alaia Martinek eskaini zuten bertso saioa jarraitzeko.

Egoitz Atxaga gai-jartzailearen  gidaritzapean askotariko gaiak ukitu zituzten: batzuk serioak, Siriako egoerarekin lotutakoak, esaterako; eta beste batzuk umoretsuagoak, bi perretxiku-zaleren arteko elkarrizketa, adibidez. Mikel Laboaren Txoriak Txori abestia izan zen beste hainbat bertsoren abiapuntua: Atxagak amaiera aldatu zion, txoriari hegoak moztu zizkiola esanaz, eta hortik etorri zen beste bertso sorta bat.

Baina bestelako lan kuriosorik ere egin behar izan zuten. Hala, bikotetan banatuta puntutan ibili ziren, ea minutu t’erdian zein bikotek bertso gehien osatu. Maider Arrehgi eta maialen Lujanbio izan ziren irabazleak, eta hauek  bigarren erronka bat izan zuten: gazte oñatiar batek bi Rubik kubo egin bitartean zazpi bertso botatzea. Gutxigatik izan bazen ere, bertsolariek amaitu zuten lehenengo beraien lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak