"Oso pozik nago, azkenean lortu dut! Badira dagoeneko zortzi urte Oñatira etortzen naizela eta bigarren eta hirugarren postuetan hainbat alditan sailkatu izan naizen arren, ia ezinezkotzat jotzen nuen hemengo txapelketa irabaztea", azaldu du Hualdek pozik.
Zazpi urte dituen Border Coly arrazako txakurrarekin etorri da Hualde, eta bitxia bada ere, arraza berekoak dira bigarren ariketarako sailkatzea lortu duten seiak. "Aurten ez dute txakur gorriek -bertako arrazako txakurrek- zorterik izan. Lan zaila izan dute gaur orokorrean ia txakur gehienek. Ardiak berezi samar ibili dira gaur eta eguraldiaren eragina ere izan daiteke akaso, batek daki! Hala ere, txapelketa polita izan da. Nirea ere, Eder, despistatu samar ibili da. Hasieran ondo baina gero ez dakit zer gertatu zaion. Hala ere, egindakoaz gustura nago. Asko poztu nau Hualdek irabaztea, merezi zuen. Punta-puntako artzaina da, eta txapelketa guztietan ibiltzen da gehienetan aurreneko postuetan", azaldu du Jose Mari Bengoak, parte-hartzaileak eta antolatzaile taldeko kideak.
Azkeneko urteetan baino ikusle gehiago
Txapelketako antolatzaileek ahalegin berezia egin dute aurten ikusleak erakartzeko; hori horrela, askotariko postuak jarri dituzte -Taloak dastatzeko, txakurren adopzioari buruzkoak, txakurren inguruko hainbat produkturenak...-, eta horrez gainera, txakurren trebezien gaineko erakustaldia ere egin dute. Horiekin guztiekin, bada, ohi baino jende gehiago bildu da Santa Lutzia inguruko zelaietan.