"Isilean lan asko egin zuten idazleei omenaldi txiki bat da", jakinarazi du Iñazio Irizarrek, antzezlanaren egileak eta zuzendariak. Hala, hainbat idazle eta musikariren berri emango dute, hala nola, Txomin Agirre, Luis Villasante, Antonino Ibarrondo, Bitoriano Gandiaga, Ruper Ordorika eta Jerardo Elortzaren berri.
Errezitaldiak, kantak eta ipuinak
Idazleen gaineko kontuak, errezitaldiekin, kantuekin eta ipuinekin tartekatuko dituzte.
Zortzi errezitaldi izango dira, guztiak Arantzazuko frantziskotarrenak: Kandido Izagirrerenak bi, Salbatore Mitxelenarenak hiru, Bitoriano Gandiagarenak, bi eta Pello Zabalarena bat. Eta sei abesti kantatuko dituzte: bi Antonino Ibarrondorenak, beste bi Joxe Mari Anduagarenak, bat Inaxio Ibarrondorena eta beste bat Ruper Ordorikarena. Ganbara Abesbatzak eta Jose de Azpiazu musika eskolako kideek eta Parrokiako Koralak egingo diete lagun abestiotan.
Hiru ipuin ere kontatuko dituzte, hirurak Oñatirekin zerikusiren bat dutenak: Manuel Umerezena bata, Villasanterena bestea eta hirugarrena Jerardo Elortzarena. Eta sei eszena ere bai; hiru Agirreren Garoa eleberrikoak eta beste hirurak Iñaxio Irizarrenak.
Sarrerak salgai
Irailaren 24an estreinatuko dute antzezlana Santa Ana antzokian eta emanaldi bi egingo dituzte: 19:30ean eta 22:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai dituzte Txokolateixan bost eurotan. Sarrerarekin batera liburu bat oparituko dute.