Jai giroa izan da nagusi aurten ere Oñatin egin duten Fan Hemendik Egunean. Eta egunaren antolatzaileak gustura agertu dira bai oñatiarren eta baita kanpotik joandakoen parte-hartzearekin. Bazkaltzeko, esaterako, ia 400 lagun elkartu dira, eta manifestazioa ere jendetsua izan da.
Manifestazioa Guardia Zibilaren koartelaren parera heldu denean egin dute beste behin ekitaldi nagusia. Hala, guardia zibilez jantzitako bi lagunek parodia bat antzeztu dute, eta ondoren, guardia zibil itxurako panpin bat zeruratu dute globo baten, bertaratu direnen txalo zaparraden eta elektrotxarangaren doinuen artean.
Unibertsitate ondoan jarritako txoznan amaitu da manifestazioa, bertso batekin, eta gero heldu da kontzertuen txanda. "Seigarrena azkena izateko itxaropena dugun arren, aurrera jarraituko dugu", adierazi dute antolatzaileek.