Miguel Angel Moiua: "Gure amak gogoan zuen nola eraman zuten bere aita etxetik'

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko ots. 17a, 10:22

Miguel Angel Moiua oñatiarra

Miguel Angel Moiua oñatiarraren aitona, Ramon Pinillos, eta haren anaia 1936ko uztailaren 18an atxilotu zituzten Muesen, eta urte bereko irailaren 9an hil zituzten, Oteitzan. Sartagudako Oroimenaren parkean daude bien izenak jarrita, beste 3.450enekin batera. Nafarroako fusilatuen gaineko 'A un paso' dokumentala botako dute egubakoitzean, 19:00etan, Oñatiko kultura etxean.

Nolakoa da 'A un paso' dokumentala?

Garai hartan eta ordutik hona Nafarroako fusilatuen senideek bizi izandakoa laburbiltzen du zazpi lagunen testigantza eta kontakizunen bitartez. Orduan zer gertatu zen jasotzen du, jendeak jakin dezan, ez dezaten ahaztu.

Nola kontatu izan dizue amak bere aitari eta osabari gertatutakoa?

Gure ama sei anai-arrebetan bigarrena zen eta bederatzi urte zituela atxilotu zituzten aitona eta haren anaia bat. Amak gogoratzen zuen nolakoa izan zen egun hori, nola eraman zituzten eta ondorengo egunak nolakoak izan ziren.

Zer gertatu zen?

Lizarra ondoko espetxe batera eraman zituzten atxilotu ostean; 1936ko uztailaren 18an. Urte bereko irailaren 9an Iruñara eraman behar zituztela esanez atera zituzten handik, baina Oteitzara eraman zituzten, eta fusilatu. Gure ama hemezortzi urterekin etorri zen Oñatira, Naparrena tabernara. Bere anai-arreba guztiek ere utzi zuten jaioterria, Mues, hil behar zituztenen zerrenda egin zutenen ondoan ez zutelako gura bizi.

Noiztik zara Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko kide?

Elkartea 2003an sortu zen. Dokumentala aurkeztuko duen Joseba Eceolazak bilera batera deitu gintuen, Burlatan, senideoi, eta horren berri eman zigun. Ni 2008an egin nintzen kide.

Ikusi duzu inoiz gorputzak nola ateratzen dituzten hobietatik eta aztertu?

Bai, behin baino gehiagotan. Lan hori dakitenek egiten dute, baina laguntzera joaten naiz, bai.

Gertaerak argitzeari buruz, ari dira gauzak aldatzen?

Gizarteak gura du, bai. Nafarroan ere 2013an onartu zuten hildakoak eta senideak onartzeko legea. Aurrerabidea da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak