Osakidetzan arreta euskaraz jasotzeko eskaerak batuko dituzte Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko ots. 2a, 10:25
Aitor Montes, Arrasateko Jai Zale tabernan, 2015ean.

Aplikazio informatikoak erabiliz egingo dute ekimena otsailaren 17an erabilera anitzeko gelan. Osakidetzak euskaraz erantzuteko eskaerak jaso gura dituzte herritarrengandik.

"Altaren txostenak, historia klinikoa, arreta espezializatua, pediatria, larrialdiak... dena jasotzen dugu gazteleraz. Euskaraz jasotzeko eskatu egin behar dugu. Osasun arreta euskaraz eskatzen badugu, orduan ikusiko dute horren beharra, eta hasiko dira eskaintzen. Zenbat eta gehiago eskatu, orduan eta gehiago eskainiko dute, eta horrek eskaera gehiago ekarriko du ezinbestean", dio Aitor Montes medikuak eta ekimen honen bultzatzaileak.

Testuak prest

Osakidetzan arreta euskaraz jasotzeko eskaerak aplikazio informatikoak erabiliz helaraziko dizkiote EAEko osasun zerbitzuari. Eusko Jaurlaritzaren Elebide edo Behatokiaren Akuilu aplikazioa erabilita bidaliko dituzte eskaerak. "Bospasei ordenagailu ekarriko ditugu erabilera anitzeko gelara. Dokumentazio klinikoa, ekografiak, pediatria, ginekologia eta traumatologia zerbitzuak eta erresonantzien emaitzak euskaraz jasotzeko eskaria jasotzen dituzten idatziak prest ditugu eta helburua da herritarrak euren izenean bidaltzea eskaera hauek Osakidetzara", dio Kepa Elortza oñatiarrak.

Montesek adierazi duenez, eskaera kopurua handitzea da ekimen honen helburua: "Datu bat ematearren, 2013an, Elebiden, osasun arloan hizkuntza urraketengatik 20 kexa jaso ziren urte osoan. Joan den urtean Arrasateko Jai Zale tabernan egin genuen ekimenean, berriz, 78 kexa eta iradokizun batu genituen; arratsalde baten kopurua laukoiztu egin zen. Orain, Oñatin egingo dugu, eta, bailarako beste herrietan eginez gero, arreta euskaraz jasotzeko eskaeren kopurua nabarmen igoko litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak