Udalak eta ikastetxeek batera antolatu dute Euskararen Eguna

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko aza. 27a, 08:37
Udaletxeko harreran egongo dira salgai horrelako zapiak

Abenduaren 3an 'Euskaraz bizi nahi dut' zapiak eskegitzeko deia egin du udaleko Euskara Sailak. Zapiak hiru eurotan egongo dira salgai udaletxeko harreran astelehenetik aurrera.

Aurtengo Euskararen Eguna ere Hezkuntza Mahaiak antolatu du Oñatin, hau da, udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta herriko hiru ikastetxeek eta guraso elkarteek. Jolasak, kantuak, tailerrak, antzerki-solasaldia, afari tertulia eta dantza izango dira herrian abenduaren 3an. Herritar denei zuzendutako ekintzak izango dira.

Elkarrekin

Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik laugarrenera bitarteko ikasleak izango dira egunaz gozatzen hasiko diren lehenengoak. 09:30ean hasita elkarrekin jolasean arituko dira adin tarte horretako herriko ikasleak, euskaraz, kiroldegian. 11:30ean, Euskaraz bizi nahi dut kantua abestuko eta dantzatuko dute guztiek elkarrekin. 12:00etan, Batxilergoko ikasleek Eneko Sagardoy eta Mikel Martinez aktoreen Zergatik Jamil? antzezlana ikusiko dute Santa Anan. Ondoren, aktoreekin berba egiteko aukera izango dute. 16:45etatik aurrera haurrendako tailerrak eta herri kirolak izango dira kontzejupean Bertakotze programa eta Txaloka ludotekako hezitzaileekin eta umeekin. Aurpegiak margotuko dituzte eta euskararen aldeko leloak dituzten txapak eta herri kirolak izango dira.

Txartelak eta zapiak

18:00etatik aurrera euskal kantuak abestuko dituzte familia giroan kontzejupean, Jose de Azpiazu musika eskolako trikitilariek lagunduta. Guraso elkarteek txokolatea banatuko dute doan eta ikasleek euskararen aldeko mezua duten bizkotxo zatiak salduko dituzte euro baten. Lortutako dirua ikas bidaiarako izango da. Afari-tertulia ere izango da. Aurten, gainera, Euskararen Egunean bertan egingo dute, abenduaren 3an. Pago Uso elkartean izango da eta EHUko irakasle Pello Jauregi etorriko da, euskararen erabileran eragina duten mekanismoez berba egitera. Txartelak Txokolateixian daude salgai.

Bestalde, Udalak dei egin du abenduaren 3an Euskaraz bizi nahi dut zapiak eskegitzeko leiho eta balkoietan eta zapiak jarriko ditu salgai astelehenetik aurrera, hiru eurotan, udaletxeko harreran. Kultura etxean, Nondik gatoz eta nora goaz erakusketa zabalduko dute astelehenetik egubakoitzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak