Mendeak eta mendeak dituen tradizioa bete da beste behin gaur Oñatin; izan ere, XVI. mendetik egiten da Corpus Cristiko prozesioa herrian. Urtean zehar Santa Anako mojek mimoz eta kontu handiz zaintzen dituzten arropa eta maskarak atera dira kalera, tartean apostoluak eta Jesucristo bera, eta baita Oñatiko Patroi San Migel Goiaingerua ere. San Migelen jantzia aurten, Ibai Gonzalezek eroan du gainean eta ez da berrikuntza bakarra izan, Iñigo Murgiondok egin baititu lehenengoz, dantzari kapitain lanak.
12:00ak pasata atera dira Santa Anatik San Migel, Jesucristo, apostoluak eta kofradiako kideak. Dantzariek lagunduta egin dute San Migel parrokiarako bidea eta handik atera da prozesioa, gainontzeko irudi, aingerutxo eta parroko zein beste hainbat apaizek osatuta. Herriko kaleak zeharkatu dituzte, eta plazan bukatu dute prozesioa. Beti bezala, kaleak jendez bete dira.