Manifestazioa egin dute Oñatin, Alberto Plazaola berriz kartzelaratzeko erabakiaren kontra

Goiatz Arana Begiristain 2015ko mar. 10a, 20:31

Iluntzean Oñatin egin duten manifestazioko une bat.

Aurretik eta ondoren, Aitto-ren etxe atarian batu dira hainbat herritar, atxilotze agindua edozein momentutan eman dezaketela-eta, euren babesa adierazteko. Azken gertaeren gaineko irakurketa "iluna" egin du Oñatiko ezker abertzaleak, eta erabaki honen atzean espainiar estatuaren eta PPren "mendeku gosea" dagoela adierazi du. Aurrera egiteko desioa azaldu eta lasaitasun mezua helarazi die herritarrei.

Auzitegi Gorenak atzera bota du Audientzia Nazionalaren erabakia eta, ondorioz, espetxera itzuli beharko dute Alberto Plazaola Aitto oñatiarrak eta Santiago Arrospidek; bost epailetik lauk egin dute Frantziako espetxealdia aintzat hartzearen kontra.

Irakurketa "iluna" egin du Oñatiko ezker abertzaleak, espainiar estatutik albiste "txarrak" datozela esanez. Baina berriak ez dituela ezustean harrapatu gaineratu du, fiskalak errekurtsoa jarri zuela kontuan izanik, eta itxaropentsu agertu da: "Esperantza dugu Europak bertan behera utziko duela estatu espainiarra egiten dabilena, baina uneotan ikusten duguna da estatu espainiarrak, PPk kasu honetan, mendeku gosea duela, eta bere apustua dela euskal prozesatuek ahalik eta kondena luzeena betetzea. Hauteskunde urtea da, PPk asko du jokoan, biktimen papera ere hor dago…".

Ezker abertzaleko Joxemari Zugastiren esanetan gehienez ere 2018ra arte egongo litzateke Plazaola espetxeratuta, baina espero dute hori baino lehen etorriko dela aske uzteko agindua Luxenburgotik.

"Babesa adierazi nahi diegu eta injustizia hau salatu. Uste dugu konponbide garaia dela, ez espetxeak betetzekoa. Lasaitasun mezua eta aurrera egiteko desioa helarazi nahi dizkiegu herritarrei, badagoelako bidea; zapatuan, BECen aurkeztu zen Euskal Bidea. Hori lantzen joango gara eta uste dugu, gehiengo soziala batuz gero, joango garela gatazkaren korapiloak askatzen", azaldu du Zugastik.

Foruen plazan hasi eta bukatu da Sortuk deituta egin duten manifestazioa. Tartean, geldialdia egin dute Aitto-ren etxe aurrean eta txalo zaparrada luzea entzun da. Hainbat hedabide daude bertan, arratsaldeaz geroztik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak