Jose Antonio Etxenikek, Jon Eskisabelek eta Agurtzane Aizpuruk osatutako aholkularitza batzordeak arrazoi hauek hartu ditu kontutan, besteak beste: "Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkio. Ibilbide horretan, Ordorikak, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu ditu proiektuak. Ohikoa da Oñatikoak jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea". Era berean, gaineratu dute Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu duela, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez.
"Bere abesteko estilo propioagatik, izan duen ibilbidearen seriotasunagatik, bere jarrera artistikoaren modernotasun berezkoagatik eta konpositore gisa egin duen lanaren sakontasunagatik", artista ezaguna eta errespetatua dela adierazi dute.
Sari-ematea, ekainaren 21ean
Saria emateko ekitaldia ekainaren 21ean egingo da, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
Bihar, Gasteizen
Ruper Ordorikak iazko udazkenean kaleratu zuen Lurrean etzanda diskoa, eta orain zuzenean aurkezten ari da. Bihar, Gasteizko Jimmy Jazz-en kontzertua eskainiko du, 21:00etan.