Alemanian jaio zen Paulina Kernstock, 1937an. Nuremberg hirian, hain zuzen ere. Aita alemaniarra du eta ama, berriz, oñatiarra. 2 urte zituenean etorri zen familia Oñatira bizi izatera; oraindik, baina, Paulina alemaniarra bezala ezagutzen du jendeak.
Alemanian jaiotakoa zara.
Bai. Aita Oñatira etorri zen gaztetan beste bi alemaniarrekin batera. Beste biak itzuli egin ziren eta aita hemen gelditu zen, maiteminduta. Ondoren, nire anaia zaharrena jaiota zegoela, Alemaniara joan ziren bizi izatera. 36ko gerra garaian izan zen hori. Amak beti esan ohi zuen, ordea, denboraldi baterako soilik joan zirela, bera berriz itzuliko zela. Hala izan zen. Urte gutxi batzuk egin zituzten han. II. Mundu Gerrako mugimendua hasi zenean, hona etorri ziren berriro. Tarte hartan jaio nintzen ni han. Nire anaia guztiak, berriz, hemen jaio ziren. Horrela, aitak esaten zuen nire anaia guztiak hemengoak, bertakoak, zirela; ni neu izan ezik. Esaten zuen: "Hauxe bakarrik da alemaniarra".
Zu zeu oñatiarra sentitzen zara, ordea.
Zalantzarik, ala? Noski. Ni bertakoa naiz. Ni euskalduna naiz. Alemanian jaio nintzen, kasualitatez, baina oso euskaldun sentitzen naiz. Hala ere, Oñatin Alemaniarraren alaba bezala ezagutzen naute; horrek ez dit axola, ordea.
Itzuli izan zara Alemaniara?
Bai, familia dugu han. Gainera, aita oso ezaguna zen bai hemen eta baita han ere. Eskulanak egiten zituen. Oñatin fabrika txiki bat zuen. Aterkientzako kirtenak egiten zituzten bertan.
Etxean zein hizkuntza zen nagusi?
Aitak alemanez egiten zigun, baina ez beti. Hala ere, ezin izan zuen euskaraz ikasi. Gure amak. berriz, betidanik erakutsi zigun euskara maitatzen.
Irakasle izandakoa zara. Herrian, askok eta askok horregatik ezagutzen zaituzte.
Bai; ikastolan ibili izan nintzen, irakasle. Oso gogoan ditut hasierako urteak, 1975 inguruan hasi nintzen bertan lanean. Ordu asko egiten genituen, baina gustuko genuen eta helburu asko genituen. Guk ikasketak gazteleraz egin genituen arren, argi genuen euskaraz ekin behar geniola hezkuntzan, gu euskaldunak garelako. Ez zen euskaraz erakustea bakarrik, guretzako garrantzitsua zen euskaldun izatea maitatzea. Ikastolan nire neska-mutikoak izandakoek kalean ikusten nautenean agurtu egiten naute oraindik ere. Andereño Paulina izaten jarraitzen dut eurentzat. Kontuak esaten dizkidate: emaztea haurdun dutela, edo euren seme-alabak erakusten dizkidate. Niretzako horrek ez du preziorik. Izugarria da, hain da pozgarria!
Irakaslea izateagatik ezagutuko zaituzte askok, beste batzuek baita San Migelen laguntzaile izateagatik ere Corpus egunean. Zenbat urte daramatzazu horretan?
Asko, 30 urte inguru. Ni San Juan kalean bizi nintzen eta gaztetan beti izan ohi ginen Santa Ana inguruan. Corpus egunean ere joaten ginen parte-hartzaileak nola janzten ziren ikustera. Horietako egun batean, Gregorio Lizarrak laguntzera joateko esan zigun, eta, harrezkero horrexetan gabiltza, eta gustura egiten dugu.
Zer esan nahi du zuretzako Corpus egunak?
Ni ez naiz sekula fededun sutsua izan. Baina gustatu egiten zitzaidan Santa Anara joatea egun horretako prestaketa lanak ikustera. Azken batean, bertako zerbait da, betidanik bizi izan dugun zerbait. Niretzako, adibidez, egun horretako kanpai hotsak bereziak dira. Esango nuke San Juan kalean bizita bihotzean daramadan zerbait dela. Maitasun hori, konturatu gabe, barruraino sartzen da, eta Lizarrak berak ere erakutsi zidan Corpus eguna maitatzen. Gainera, Oñatiko jende askok egin du izugarrizko lana hori aurrera ateratzen, eta nik uste dut garrantzitsua dela horrelako tradizioei jarraipena ematea. Helburu horrekin hasi ginen geu ere taldean sartzen eta laguntzen. Urte hauetan guztietan gauza asko egin behar izan ditugu; adibidez: materiala berritu dugu eta udaletxera laguntza eske joan gara. Egun, oraindik ere, joaten naiz San Migeli janzten laguntzera. Alaba ere ibiltzen da, baina oraindik ez diot testigua pasa. Hil arte jarraituko dudala uste dut. Hala gurako nuke, behintzat.