Urko Egaña, Joseba Lasagabaster, Andoni Goitia, Egoitz Aizpuru, Maider Arregi eta Gorka Larrea izan ziren taula gainean, eta ikuskizun bikaina egin zuten.
Zortziko handian, zortziko txikian, hamarreko txikian hitza emanda, eta gaikako bi bertsoak egin ondoren, Gorka Larreak eta Andoni Goitiak jaso zituzten puntuazio altuenak eta buruz-burukoan, bertso umoretsuak bota zituzten biek ala biek Gladiadoreak balira. Ikusle guztiak algara baten jarri zituzten puntukako bertsoan.
Ondoren, kartzelako ariketa etorri zen, eta Gorka Larreak ikusleak hunkitu egin zituen Gabonetan, mahaiaren bueltan hutsik dagoen aulkiaren harira botatako bertsoarekin: Preso dagoen osaba Gabonetan etorri egingo dela azaldu zuen. Goitiak berriz, bere iloba jaioko delako bertsoa bota zuen. Hala, amaiera paregabea izan zen ikusleen txalo zaparradarekin.
Antolatzaileak pozik
Endika Ruiz antolatzaileetako batek hauxe esan zuen: "Gozamena da guretzat bi urtean behin, bertsoen inguruko jai hau prestatzea. Gainera, bertsozale denak argi antzematen du maila ona dagoela Oñatin. Dena den, egunero bertsoen inguruan ez dabilenak ere disfrutatu du gaurko saioan".
Puntuak
1. Andoni Goitia 427,75
2. Gorka Larrea 372,25
3. Egoitz Aizpuru 253,25
4. Maider Arregi 252,75
5. Urko Egaña 241,50
6. Joseba Lasagabaster 239,50
Andoni Goitia. Bertsolaria
"Arantzatxoa kendu dut saio
borobila eginda"
Pozik jaso du txapela.
Txapela lehen aldiz lortuta, nola sentitzen zara?
Ondo, baina txapelagatik baino, egindako saioarengatik. Bertso hobeak egindakoa naiz, baina uste dut akats gabeko lehen saioa gaur egin dudala.
Saiotik zerekin geratzen zara?
Bakarkako biekin oso gustura sentitu naiz. Bigarrenean, zortzikoa gehiegi arriskatzea zela pentsatu dut hasieran, baina ongi irten zait. Jai giroan, ondo pasatzera etortzen gara, baina gero lehiakortasuna dago eta oholtzara ahalik eta hobeen egitera igo behar da…