Maider Arregi eta Urko Egaña txukun Oñatiko saioan, bertsolari onenekin batera

Julen Iriondo 2014ko urr. 4a, 10:29

Oñatiko Bertso Eskolako Maider Arregik eta Urko Egañak saio berezia izan zuten bart gauekoa, herrian urterokoak diren bi saio nagusietako batean, jaietakoan, goimailako bertsolariekin agertokia konpartitzeko aukera izan zuten-eta. Eta maila polita eman zuten batak zein besteak. Saioa, oro har, goxoa izan zen, bertsoaldi politekin. Zubikoako harmailak ez ziren bete, baina jarlekuen laurdena baino ez zen hutsik geratu.

Amets Arzallus, Unai Agirre, Alaia Martin eta Unai Iturriaga izan zituzten bertso-lagun Arregik eta Egañak, Xabi Paskualek gaiak jarrita.

Eta bertso politak bota zituzten Oñatiko Bertso Eskolako bi kideek, saioa hasi orduko eta Amets Arzallusekin ari zela, Urko Egañak Oñatin zazpi urte daramatzan arren oñatiarrez ulertzen oraintxe hasi dela bota zuenekoan –azpeitiarra da izatez–, edo, Unai Agirre baserritarra azokan begira zuela, Urko behiak ez erosteko, maita zezan eskatu zionekoan, adibidez.

Maider Arregik ere konplexurik gabe abestu zuen bertso-kideekin, Unai Agirreri, ezkon berritan, esanez ezkon bizitza gaizki hasita umeak iristean zer izango ote zen beldur zela, eta gidabaimena ateratzeko pelmada eman zion Unai Iturriaga aitari eskatuz, utz ziezaiola orain kotxea, edo beste bat erosi, edo parrandara eraman zezala, besterik ezean.

Gainerakoan, saio polita joan zen Zubikoakoa, festetako jaialdi baterako moduko gaiekin, eta beste bertsoaldi on nahikotxorekin, kreditua ukatu zion Unai Iturriaga banketxeko langile ohiak eta Alaia Martinek kartoi artean lotan kalean topo egin zutenekoan bezala; arrangurarik gabe onartu zuen Martinek Iturriaga bere ondoan, eta udan kalean eta neguan kutxazain batean lo egiteko plana egin zuten, "gu izorratu gaituena izorra dezagun!".

Ordu eta erdiko saioaren ostean, haserako agurrean gozatzeko asmoz zihoala esan zuen Maider Arregik bota zuen egunen batean kontatu ahal izango duela bost bertsolari haiekin kantatu zuela behin Zubikoako frontoian, eta haren segidan eta azken agurrean, Amets Arzallusek aitortu zuen gustura egona zela abesten, baina "baita entzuten ere", Maider Arregiri erreferentzia eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak