Arantzazuko Ama birjinaren irudia aurkitu zutenean Oñati eta Arrasateko jendea izan zen lehena Arantzazura erromes joaten. "Orduan bijili antzerakoa egiten zuten hemen, eta Arriarango Joana etorri zen Oñatitik laguntzaile batzuekin serora lanak egin eta bijili egiten zuten herritarrei babesa ematera", azaldu du Iñaki Beristain frantziskotarrak.
*1
Oñatiko erromesaldia
Ordutik, erromes leku da Arantzazu, eta herri askotatik antolatzen dituzte erromesaldiak. Gaur, esaterako, Arantzazuko Amaren egunean urtero egiten den moduan, Oñatiko erromesaldia izango da. 07:00etan abiatuko dira Foruen plazatik.
"Erromesaldiek gorabeherak izan dituzte. XVIII. mendea oso betea izan zen. Suteak izan ziren, eta Arantzazuk indar handia hartu zuen. XIX.ean beherakada izan zuen eta basilika berria egin zutenean berriz gailurra jo zuen. Jubilo urtea egin zen 1956an, basilika bukatuta zegoela, eta erromesaldi handiak eta bereziak egin ziren. Orduan hasi ziren herrietatik etortzen. Egun, gero eta gutxiago etortzen dira, bai, baina normala ere bada, gizartea aldatzen ari da-eta. Arantzazuren eskaintza erakargarria egitea tokatzen zaigu guri", dio Beristainek. 1952tik 1967ra, mutilen (gauez) eta nesken (egunez) erromesaldiak ere egiten ziren eta bakearen alde egindakoek ere jende asko elkartu dute Arantzazun.
Frantziskotarren greba
Instituzioen presentzia Arantzazun ere aspaldikoa da. 1918. urtean izendatu zuten Gipuzkoako zaindari, eta orduan instituzioetako ordezkari guztiak Arantzazun zirela dio Beristainek, militarrak zein zibilak: "Orduan Estatuko ordezkari moduan etortzen ziren, Elkarte Autonomoak osatu gabe zeuden-eta". Ikurrinaren garaietan sesioak izan zirela ere kontatu du Beristainek: "Garai hartan Espainiako ereserkia jotzen zuten Arantzazuko Amaren eguneko meza nagusian, konsagrazioa ematen den unean. Hala, urte baten ereserkia jotzen zuten organo jotzaileek eta teologia ikasten ari ziren ikasle batzuek greba egin zuten".
*2
Erakundeetako ordezkariak irailaren 9an Arantzazun egoteak zeresana sortu du behin baino gehiagotan. Horren aurrean, frantziskotarrek eurekin berba egitea erabaki zuten. "Erabaki genuen harrera elizan egitea. Horrela, ordezkari politikoak sarreran elkartzen dira, baina guk eliza barruan egiten diegu harrera. Meza nagusia bukatzean, agurra egiten die gotzainak", argitu du Beristainek.
Gaur ere bai
Gaur ere Arantzazun izango dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria, legebiltzarreko presidentea eta Gipuzakoako Foru Aldundiko eta Oñatiko Udaleko ordezkariak. Meza nagusia ere, ohi moduan, Gipuzkoako gotzainak emango du, Jose Inazio Munillak, 12:00etan. Presoen aldeko elkarretaratzea ere egingo da meza aurretik, Etxeratek deituta. Autobus zerbitzu berezia egongo da Oñatitik Arantzazurako joan-etorria egiteko.
*3
(Argazkiak Gure Gipuzkoako argazki artxiboan ikusgai dagoen Andres Arlanzon funtsatik hartutakoak dira)
*1 - Gipuzkoako banderarekin, 1967an
*2 - Manuel Valencia gobernadore zibila, 1965ean
*3 - Imanol Murua, Jose Antonio Ardantza eta Karlos Garaikoetxea, 1987an