Joan den astean sartu zen indarrean Oñatiko Kale Zaharrean zamalanetarako ordutegi berria. Ordura arte, berez oinezkoendako den kale horretan, 08:00etan jaisten zen zen bertan motordun ibilgailuak sartzea oztopatzen zuen pibotea, eta 12:00etan jarri. Orain baina, 09:00etan kentzen dute. Zamalanen ordutegia baina, ez da bakarrik Kale Zaharrean murriztu, Atzeko kalean eta Kale Barrian ere ordutegi bera jarri dute-eta.
Ordutegien murrizketa hau, Udalaren Mugikortasun Planaren baitan hartutako neurria da. Helburua da kale horietan sartzen diren motordun ibilgailuak zamalanak egiteko sartzea. Izan ere, Udaletik diotenez, udalatzainek egiaztatu ahal izan dute Kale Zaharrean, esaterako, autoa aparkatzen duten herritar asko kafea hartu edo gosaltzera joaten direla, eta horrek oztopatu egiten duela benetan zamalanak egitera sartzen diren kamioi eta furgoneten bidea, baita bizilagunena ere.
Murrizketaren alde eta kontra
Erabakiak, ez du erantzun bera izan kale horietako bizilagun eta komertzianteen artean. Bizilagunek onurak ikusten badizkiote ere, goizean goiz zabaltzen duten dendari eta ostalariek ez dute horrela ikusten. "Auzokoa izanda, onuragarria da niretzat ordutegia murriztea, goizean umeak eskolara eroateko erosoagoa delako. Baina bertako komertziantea ere banaiz, eta egia da jende asko joaten dela goizean goiz egunkaria erostera edo kafe bat hartzera, eta komertzio horiendako kaltegarria da" dio Kale Zaharrean bizi den komertziante batek.
Udal gobernu taldeatik, bestalde, gogorarazi dute erabakia Mugikortasun Planaren arabera hartu dela, eta gaineratu dute neurria ez dela behin betikoa, behin-behinekoa baizik. Hala, kale horietako bizilagun eta komertzianteekin lanean jarraitzeko asmoa ere badutela esan dute; atzo, esaterako, Kale Zaharreko bizilagun eta komertzianteekin egin zuten bilera.