"Hiri bizigarria" helburu, generoa eta hirigintza uztartzeko lehen tailer emankorra egin dute Oñatin

Julen Iriondo 2014ko ots. 8a, 10:00

Herriko hainbat sektoretako eragile eta emakumeekin erronda egin zuten duela aste batzuk Farapi aholkularitza enpresakoek, prozesua aurkezteko eta bakoitzaren beharrak aztertzen hasteko. Aste honetako saioan, berriz, guztien ekarpenak bateratu zituzten. Askotariko hogei lagun inguru batu ziren tailerrean.

Udaleko Berdintasun sailaren ekimenez eta Farapi aholkularitza enpresak gidatuta, astelehenean egin zuten hirigintza eta herria emakumeen ikuspuntutik aztertzea eta genero ikuspegia hirigintzan txertatzea helburu izango duten tailerretan aurrenekoa.

Tailerraren hasieran "bizigarriak izateko hiriak" kontzeptuaren gainean jardun zuten, besteak beste. "Emakumeen beharretara, bai irisgarritasun, bai segurtasun eta zerbitzu aldetik egokitutako hiria" litzateke "hiri bizigarria", Berdintasun saileko batzorde buru Maialen Urzelairen arabera.

Hirigintzan eragiten duten aspektu horien gainean jarduteko, lau lantaldetan banatu ziren ondoren tailerreko parte-hartzaileak, herriko planoak eskuan. Talde bakoitzak bere ondorioak azaldu zituen eta eztabaidari ekin zioten ostean. Azkenik, ondorio horiek bere garaian eragileekin egindako errondan ateratakoekin alderatu zituzten.

Tailerrak emandakoarekin gustura geratu ziren: "Hogei bat lagun elkartu ginen lanketa egiteko. Tartean, Berdintasunerako teknikaria eta baita udal arkitektoa ere. Oso giro onean lan egin genuen eta azpimarratzekoa da elkartu ginen taldearen aniztasuna: gazteena 20 urteren bueltan, nagusiena 80ren bueltan... Etorkinak, bai Ameriketakoak baita herrialde arabiarretakoak... EAJko eta Bilduko zinegotziak, herriko bi eragile feministetako militanteak...".

Martxoaren 31n egingo dute hurrengo tailerra, 18:00etan Bidebarrietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak