Ibarreko ordezkaritza eta berritasunak Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan

Miren Arregi Amasorrain 2012ko ira. 22a, 02:00

Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketak 53. edizioa beteko du aurten. Berrikuntzekin dator, gainera, eta, noski, protagonista izango ditu, urtero bezala, hamahiru artzain eta txakur txapeldun. Gaur –domeka– da hitzordua, 10:30ean, Santa Lutziako zelaian. Atzo txakurren aurkezpena egingo zuten, iaz bezala.

Eta hori poztekoa da; poztekoa da, urtero-urtero nazioarteko artzain eta txakur irabazleek Oñati izatea elkartoki; poztekoa da, herriak aspaldiko tradizioari eustea; poztekoa da, urtean behin ikuskizun berezi eta ederra ikusteko aukera ematen baitu txapelketak; eta poztekoa da gutxika-gutxika gainbehera dagoen ogibidea, artzaintzarena, balioan ipintzeko modua ere badelako. Hala ere, jakina da azken urteetan asko egin duela behera ikusle kopuruak, eta horren jakitun, antolakuntzak badihardu hori biziberritzeko ahaleginetan. Testuinguru horretan, beste urte batez, nazioarteko txapelketa Oñatira iritsi da, azken urteotan baino kementsuago, berrikuntzekin, ahulguneei aurre egin guran. 

Txakurrak ikusgai, zapatuan 

Iaz bezala, bihar, txakurren  aurkezpena egingo dute plazan. 19:30etik aurrera, Kataluniatik, Castellotik eta Iparraldetik datozen zazpi txakur eta artzain ezagutu ahal izango ditugu. Artaldea ere egongo da plazan eta txakur batek edo bestek erakustalditxoa egingo du. Hasiera baten, border colie arrazako txakurrak ikusi ahal izango dira, eta, agian, baita Aulestitik etorriko diren euskal arrazako bi txakur ere. 

Pottokak San Martinen

Beste berritasunetako bat da  txapelketak irauten duen bitartean pottokak egongo direla ikusgai San Martinen. Umeek horien gainean bueltatxo bat emateko aukera izango dute. 

Sarrera merkeago

Merkatu ere egin dute txapelketarako sarrera. Orain arte 5 euro kostatu izan bada, etzi 3 euro kostako da Santa Lutziako zelaian sartzea. Gainera, sarrera bakoitzak zenbaki bat izango du eta bukaeran zozketatuko diren hiru saskiren zozketan sartuko dira. Bestela ere egongo da saskiaren zozketarako txartelak erosteko aukera, euro baten truke, Santa Lutzian bertan eta baita bihar ere, plazako erakustaldian.  

Txapelketan, bi ariketa

Lehenengo ariketan puntu gehien lortzen dituzten lauzpabost txakur pasatuko dira bigarren probara. Lehenengo ariketa zazpi minuturen barruan egin beharko dute. Txakurrak artaldea dagoen tokira joan beharko du, bidean bi geldialdi eginda. Gero, artaldea hartu eta erdiko hesi-tartetik zelai barrenean dagoen makila baten ondora eroango ditu ardiak. Hori egindakoan, zelaiaren goiko aldeko, eskuineko edo ezkerreko hesi-tartetik pasaraziko ditu ardiak. Bigarren ariketan, berriz, zazpi minuturen barruan hori ere, banderatxoz inguraturik dagoen bidea zeharkatu beharko du txakurrak, eta artaldera ailegatu. Horiek hartu, eta erdiko eskortan sartu beharko ditu, eta, bukatzeko, handik atera. 

Arrasatetik, Plazaola

Gipuzkoako txapela eskuratu zuen Plazaolak irailaren 2an Legazpin, eta, Oñatiko txapelketarako txartela eskuratu. Aurten, arantzatxo bat kentzeko asmoz irtengo da Santa Lutziako zelaira. Irabazi egin gura du, hori baita faltan duen txapela bakarra. Badaki, hala ere, ez dela erraza izango: "Oñatiko txapelketa, nazioartekoa izanik, zailtasun handikoa da. Denbora laburra eta ibilbide handia egin beharko du Gure txakurrak. Ahal bezain ondoen egiten ahaleginduko gara, hori seguru", dio hark.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak