Mendi lasterketetarako koadrila berria

Arritxu Barruso 2012ko abu. 13a, 02:00

Oñatiarrak dira guztiak eta zaletasun bera daukate: mendi lasterketak. Hori horrela, erabaki dute talde bat osatzea zaletasun hori elkarrekin partekatu eta bizi izateko. Oñati Trail da sortu berri den taldearen izena.

"Aspalditik mendiko lasterketa eta martxetan aritzen garen lagun koadrila batek osatu dugu taldea. Aretxabaletako M5 kirol-dendaren babesari esker hamahiru korrikalariek ekipazio berdinarekin korrika egingo dugu hemendik aurrera", kontatu digu taldeko kide Iker Agirrebaltzategik.  

Elkarrekin gozatu 

Taldearen helburua argia da: zaletasun bera dutenen arteko lagun talde polita osatzea eta elkarren arteko harremana estutzea. "Nahiko genukeena da batak bestearen berri izatea: ze lasterketa prestatzen ari garen, nola entrenatzen ari garen. Horrela, esaterako, lasterketetara elkarrekin joan gaitezke auto berean, edo, atzerrira joan behar badugu ere, gastuak konpartitu". 

Uztailaren 11n egin zuten taldearen aurkezpen ofiziala, Aretxabaletako M5 kirol-dendan, eta ekipazio berria erakusteko aukera izan zuten bertan. Taldea osatu berria da, baina taldeko kide batzuek Ehun Miliak proban eta Izaban egindako lasterketa batean erakutsi ahal izan zuten Oñatin sortu berri den taldearen zigilua; ekipamendu berriarekin parte hartu zuten-eta. 

Lagun talde baten izaera

Oñati Trail lagun talde bat izateko bokazioarekin jaio da. "Herri mailako talde txiki bat gara. Hau da, gure helburua ez da talde handi bat sortzea, non ez dituzun bertako kideak ezagutzen. Nahi duguna da afari bat egiten dugunean lagun taldea elkartzea edo laguntza behar denean guztiok elkarrekin aritzea". 

Taldearen eta kideen berri izateko bloga ere sortu dute. Oñatiko koadrila berriaren gaineko informazio gehiago, http://onatitrail.blogspot.com.es blogean.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak