Garikoitz Baños: "Ziklismoan, gustuko dudana egiten, munduko pertsona zoriontsuena naiz"

Mireia Bikuña 2012ko ots. 20a, 01:00

 

Garikoitz Bañosek (Oñati, 1978) profesional mailako ziklismoa barrutik ezagutzeko aukera dauka. Movistar taldearekin urtebeteko kontratu sinatu du masajista lanak egiteko. Eusebio Untzue da managerra eta bere eskuen artetik pasatuko dira Alejandro Valverde eta Juanjo Cobo, besteak beste. 

 

 

Movista taldeko masajistetako bat zara. Talde indartsu batera egin duzu salto.

Bai. Taldeak Movistar du izena orain, baina aurretik Reynolds, Banesto, Illes Balears eta Caisse d'Epargne izan da. Ibilbide luzea duen taldea da, eta oso indartsua.

Nork deitu zizun?

Taldeko pertsonal arduradun Alfonso Galileak deitu zidan. Caja Ruralekin masajista hasi nintzenean deitu zidaten lehen aldiz, baina konpromisoa banuen ordurako. Dena den, denboraldi osoan hartu-emana izan nuen Galilearekin. Iaz uztailean hasi ginen berriro berba egiten, eta irailean konfirmatu zidaten Movistar taldeak dituen zortzi masajistetako bat izango nintzela. Erronka handia da niretzat. Movistar taldea enpresa handia da. Guztira, 50 bat pertsonak egiten dugu lan.

Argentinan egon zara eta orain Frantziara zoaz. Denbora luzea etxetik kanpo.

Bai, hala da. UCI Pro Tourreko taldeek derrigorrezko proba batzuk dituzte, Australian hasi eta Pekinen bukatzen diren probak. Eta badaude beste batzuk taldeak dituen beharren arabera aukeratzen ditugunak. Horrela osatzen dugu denboraldiko egutegia. Nik, oraingoz, Euskal Herriko Itzulira arteko egutegia daukat. Hori egiten dugunean, Italiako Girora artekoa emango digute.

Oñatin ikusiko zaitugu Movistar taldeko ziklistekin.

Polita izango da nork bere herrian lan egitea. Euskal Herriko Itzulia Oñatin bukatuko da apirilean, eta oso gustura egongo naiz.

Hiru asteko itzuli handietan parte hartuko duzu?

Ez dakit, ez dugulako egutegirik. Baina hiru asteko hiru itzulietako bitan egotea espero dut. Zein nahiago? Akaso, Giroa. Lankideek esan didate Tourraren antolaketa oso ona dela, baina laguntzaileok lan egiteko ez dela oso erosoa. Italiako Giroa asko gustatzen zait. Maila handiko proba da, nahiz eta Tourrak ospe handiagoa duen.

Masajista izanik, masajeak ematen dituzu bakarrik?

Bai, zera! [Barre] Askoz gauza gehiago egiten ditugu: taldearen autoak edo kamioiak gidatu, gosariak prestatu, garbigailua martxan ipini, anoa-postuetan edo helmugan egon… Gure eguneko jarduna bukatzeko, masajeak ematen ditugu.

Alejandro Valverde eta Juanjo Cobo dira Movistar taldeko izarrak. Izar distiratsuak dira?

Oso tipikoa da, baina pertsona normalak direla esango nuke. Nik oraindik ez daukat hartu-eman handirik bi horiekin, baina jatorrak direla esango nuke. Egia esan, harro nago proiektu horretako kide naizelako, eta zoriontsua ere bai. Pertsonarik zoriontsuenetakoa naiz une honetan.

Caja Ruraletik Movistarrera salto egin duzu. Baina nola heldu zinen masajista izatera?

Ba, zorigaitz batetik zorion batera salto egin nuela esango nuke. Orain dela hiru urte Oñatiko CEUR enpresan egiten nuen lan, baina itxi egin zuten eta langabezian geratu nintzen. Ordurako baneukan masajista izateko titulua, eta Murtzian bizi den lagun batek, Iñaki Urrozek, zuzentzen zuen Contempolis taldean hasi nintzen masajista lanetan. Kataluniako eta Espainiakoa egin nituen. Hurrengo urtean, lorerik lore ibili nintzen: Espainiako selekzioarekin, Matxinen Footon-Servetto taldearekin, emakumezkoen Giroan… 

Txirrindulari garaian Markel Irizarrekin egon zinen Aloña Mendin. Orain, elkarrekin egongo zarete profesional mailan.

Egia esan, ez dakit proba askotan elkar ikusiko dugun, baina ohorea da maila honetan egotea: Markel bizikleta gainean eta ni masajeak ematen. 

Iaz, Andaluziako Itzulia irabazi zuenean han nengoen ni, eta oso polita izan zen. Ea, bada, aurten halakoren bat egiten duen berriro ere.

Bizikleta gainean ibili zinen garaitik ze izen gogoratzen dituzu?

Juanma Garate, Haimar Zubeldia, Andoni Aranaga, Dioni Galparsoro… Oso txarra nintzen, baita nagia ere, baina asko disfrutatu nuen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak