Koldo Saratxaga: "M-15 bezalako gizarte mugimenduek ekarriko dute aldaketa gizartera"

Mirari Altube Arrese 2011ko uzt. 13a, 02:00

Enpresa kudeaketan aditua, urte askoan kooperatiben inguruan egin du lan Koldo Saratxagak (Sopuerta, 1947). Orain, hamar enpresa batzen dituen Gizarte Berria Eraikitzen GBE-NER elkartearen presidente da. Oñatiko Soziologia Institutuak antolatutako kongresuan izan da; kooperatiben eta gizarte ekonomiaren gainean jardun du.

Pertsonei lehentasuna ematen dieten jarduera ekonomikoak eta antolaketa aztertu dituzue kongresuan. Eta horretan zu aditua zara. Zer esan diezu elkartutakoei?
Gure borroka eta ahalegin guztia –GBE-NER elkartearena ere bai– honako bidetik doa: enpresek eta erakundeek ez dutela zerikusirik modelo juridikoarekin, pertsonen sentitzearekin baizik: sentitu  eta elkarbanatu gura izatea, gizarte barruan sentitzea…

Zuk esandakoak oso ezagunak dira: "Erakundeetan pertsonak dira garrantzitsuenak; zuzendari eta langileek taldean egin behar dute lan…". Egun dugun krisi sasoirako balio dute berba horiek?
Guztiz. Hamarkadak daramatzat borroka horrekin; orain guztien ahotan dagoen kontua orduan erokeria zen. Zenbat eta arazo gehiago izan –arazo berbarekin aukera definitzen dugu askok–, balio handiagoa dute berbok; izan ere, aukera arrakastatsuak izateko –arrakastarekin ulertzen dela: hobetzea, haztea, konpartitzea…– pertsonekin izan behar delako. Pertsonak, ikasia izan edo ez, gaitasunak ditu, eta oso dibertsoak garenez taldeko lanak elkarren osagarri egiten gaitu. Eta hierarkiak ez, hierarkiak indibidualizatu egiten du.

Futbol talde bat ez dabilenean ondo, lehenengo, entrenatzailea kaleratzen dute. Enpresan, ostera, langileak doaz kalera.
Bai, modeloa guztiz hierarkikoa delako eta ez dagoelako talde kontzepturik. Talde izaera egonda, gainerako taldekideek babestu gura izanez gero min handia egin dezakete. Enpresetan, ostera, bi edo lau bota arren, ez dute adiskidetasun kontzepturik. Onenean ere, sindikatu tradizionalak defendatuko ditu –neure ustean, oso era tradizionalean egiten dute lan sindikatuek–, baina ez da hil edo biziko defentsa, dirua, lanorduak… lortzeko defentsa da bakarrik.

Pertsonengan sinistea, kasu honetan langileengan, nahikoa balitz, ez legoke hainbeste kaleratze, ala?
Nik azaldu dut GBE-NER elkartean 2.000 langiletik gora garela eta ez dugula inor bidali. Eta dagoeneko irteten gabiltza zulotik; lehen, aktibitatearen %60ra geunden, %85era… eta ia seguru datorren urtean lan-jardun osora egongo garela, eta enpresa guztiak positiboan. Berriro ere elkarbanatzea da gakoa; "Nk irabazten dudana nirea da", edo, zergatik ez, 8 ordu lan egiten dugunok 7 eta erdi egin eta %5 edo %7 horrekin lana eman beste %7 edo %8ri? Zergatik ez izan eskuzabalak? Eskuzabal berba ergel, tonto, berbarekin lotzen dugu. Baina hori hezi egin daiteke: etxean banatu lehenengo, auzoan, lantokian… Hala, urte txarra badugu elkarbanatu egingo dugu, eta ez goikoa etorri –kostuak murrizteko dago goiko hori– eta kostuak murrizteko jendea kaleratu. Hori da daukan kultura eta unibertsitatean ikasitakoa: kostuak murrizteko langileak botatzea.

Kultura kontua bakarrik da?
Bai, eta hori apurtu beharra dago. Izan ere, exekutiboek ez dakite beste era batera lan egiten, hala hezi dituztelako: piramidea dute gainean, erantzukizunak, kontseilu edo dena delakoaren eskaerak… Kudeatzeko era bat da kostuak murrizteko aktibitate gutxiago; hau da, gosea dut, hortaz, hozkailua zabalduko dut. Baina hozkailuaren kultura da epe motzeko kirurjia eta orbainak betiko uzten dituena.

Kooperatibekin desengainatuta igarri zaitugu; modelo egokia da krisiari aurre egiteko?
Ez dela modelo bakarra uste dut; kooperatibetan langile asko daude, baina kooperatibista gutxi. Kooperatibista kopuru bera edo gehiago dago kanpoan. Leku askotan egon naiz, 20 bat urte egin ditut kooperatibetan eta beste horrenbeste sozietate anonimoetan; hortaz, jende asko ezagutzen dut eta ezin da bereizi non dagoen bata eta bestea. Hori baino gehiago, nik nahiago dut lan egin, elkarbanatu eta kolaboratu sozietate anonimoekin kooperatibekin baino. Bizio gutxiago dituzte eta esker onekoak dira. Kooperatibetako betiko bazkidea langilea da, baina, era berean, nagusia, haren txapelak bi alde ditu, eta hori oso konplikatua da.

Hortaz, hausnarketa, autokritika egin behar dute kooperatibek?
Bai, noski. Baina ez da bakarrik beste buelta bat ematea kooperatibei, gizarteari baizik. Kooperatibek foku bat izan behar zuten; uneoro argia ematen egon beharreko fokua, salaketa estilo bat, multinazionalen izaerari jarraitu barik arrakasta izan daitekeela erakutsi behar zutenak, eurak bestekoak edo hobeak izanda; baina ez da hala izan. Kooperatiba gehienek –ez bakarrik Mondragon– enpresa handiei jarraitu diete. Baina hori da ez dakigulako egiten beste era batera, horixe erakusten digutelako unibertsitatean.

Zerbait ikasi dugu krisiarekin? Edo lehengo egoerara noiz itzuliko zain gaude guztiok…
Gizartea da aldatu behar duena eta ez da egon halako mugimendurik. M-15 agertu da orain, eta hori da gizarteak behar duen aldaketa. Izan ere, lanari begira gaude "enplegua gora, enplegua behera…" baina zertarako, berriro jausteko sei urte barru? Zelako lana eta zein egoeratan? Berriro %5eko langabezia tasa izan eta 2,5 puntu igotzeko? Hori da gure helburu guztia? Ez, buelta eman behar zaio tortilla horri, eta horretarako politikari hauek ez ditugu behar, ez dakitelako besterik egiten. Hasi dira aldaketak, eta, betiko legez, oinarritik datoz, ez boterea dutenengandik.

Confebask-ek esan du 5.000 lanpostu sortuko direla aurten.
Ez zait interesatzen dioena, bihar beste zerbait esango duelako. Orain dela lau bat aste Arabako enpresariek esan zuten atzera gindoazela eta 20 egun geroago gorantz goazela dio Lazpiurrek. Eta 5.000 lanpostu zer dira, ba? Ez doaz arazoaren sustraietara.

Eta aldaketaren fruituak noizko?
Iraultza baterako hamarkadak behar dira. Hezkuntzatik hasi behar da, gainera; bestela, pausoak bakarrik emango dira, baina ez iraultza egin. Gizartetik etorriko da aldaketa; gazteek 20 urte daramatzate geldi, lasai bizi izaten, eta ezin da izan gaztea eta ezer ez egin. Norberaren arrastoa utzi behar da gizartean, eta gerora topatu gura dena ereiteko unea da. Hasi dira mugitzen, eta hortik etorriko da aldaketa; denbora beharko dute, baina ez daitezela geratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak