Oñati zero zabor taldeak sinadurak batuko ditu zapatuan herriko plazan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko api. 15a, 11:10

Oñati Zero Zabor taldea atxikimenduak batzen dabil azkenaldian. Atzo, esaterako, alderdi politiko eta sindikatuekin Usurbilgo ituna sinatu zuen. Ekitaldian parte hartu zuten eta ituna sinatu zuten taldeak izan ziren: Aralar, Bildu, Ezker Abertzalea, Alternatiba, Ezker Batua-Berdeak, Zutik, LAB, ELA, ESK, EHNE eta EILAS. Hurrengo ekitaldia zapatuan egingo dute. 17:00etatik aurrera Oñatiko plazan egongo dira herritarren babesa eta sinadurak jasotzen.

Usurbilgo ituna

Alderdi politiko eta sindikatuekin Usurbilgo ituna sinatu zuen atzo Oñati Zero Zabor taldeak. Hala, zero zabor ereduarekin bateraezina den errauste planta eraikitzeko Usurbilgo itunak eskatzen duen sei urteko moratoria eskatu zuten. Usurbilgo ituneko puntuekin bat egin zuten, gainera:

1. Gipuzkoarron osasuna da lehenesten duten irizpidea gaiaren aterabidera iristeko.

2. Bat egin zuten zabortegiak gainditzeko konpromisoarekin.

3. Bat egin zuten errausketa asmo eta ekinbideetatik baztertzeko.

4. Bat egin zuten Gipuzkoa osorako zero zabor programa zabala ezarri eta garatzeko beharrean.

5. Ontzat jo zuten organikoa ahalik eta gehien jasotzen duen sistema, atez atekoaren sistema lau arrazoi hauengatik: a) sistema eraginkorrena da; bilketa %85era iristen da. b) emaitzak berehalakoak dira. d) hondakinen gaikako bilketa-sistema merkeena da. e) lanpostuak sortzen ditu.

6. Gipuzkoako diputazioari eskatu diote 6 urteko moratoria ezar diezaiola Zubietako erraustegiari.

7. Eskatu diote, era berean, baliatu dezatela aukera hau Gipuzkoa berrikuntzaren bidean tematzeko.

 

Aralar, Bildu, Ezker Abertzalea, Alternatiba, Zutik eta Ezker Batua-Berdeak talde politikoek, eta LAB, ELA, ESK, EHNE eta EILAS sindikatuek sinatu zuten ituna.

Sinadurak batuko dituzte plazan

Oñati zero zabor plataformak, gainera, Udalari eskatu zion inkesta pribatuekin adarrik ez jotzeko. Hala, herritarren atxikimendua lortzeko, sinadurak batuko dituzte bihar, zapatua, herriko plazan. 17:00etan hasita plazan egongo dira sinadurak batzen. Sinadura horiekin zer egingo duten galdetuta, esan zuten nahia dela Udalari erakustea Oñati Zero Zabor taldeak zenbat aldeko dituen. Hala ere, hauteskundeak tarteko daudela kontuan izanda garai onena ez dela adierazi zuten. Hala, Udal berriari eskatuko diote zero zabor filosofiaren alde lan egin dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak