Markel Irizar: "Gizarteari egiten dion ekarpenarengatik miresten dut Armstrong"

Xabier Urtzelai 2011ko mar. 5a, 01:00

Andaluziako Itzulia irabazi berri, Markel Irizarrek (Oñati, 1980) elkarrizketa zabala eskaini zuen Harmailatik saioan. Aste barruan, berriz, Nafarroa aldean ibili da entrenatzen, domekan Oñatikoak Paris-Niza proba hasiko du-eta. Hor, lider lanetan Leipheimerrek, Klodenek eta Brajkovicek hartuko diote Irizarri erreleboa.

Zorion asko jaso dituzu egunotan?
Bai, asko. Guztiei erantzuten ahalegindu naiz, baina norbaitekin kale egin badut, aldez aurretik barkamenak.

Zorion bereziren bat?
Denak dira eskertzekoak, eta egia da gehien eskertzen ditugun mezuak gauzak txarto irteten zaizkigunean izaten direla. Familiakoenak, lagunenak... Itzulian zehar Armstrongen eta Bruyneelen animo mezuak egunero jaso ditut, baina itzulia amaitutakoan Andreas Klodenen zorion-mezua asko eskertu nuen, beti esaten dut taldeko gentleman-a dela.

Egunotan prentsan irakurri dugunaren adibide bat. El Mundo-n: "Andaluziako Itzuliaren 57. edizioa ziklismoa maite duen orok podiumean ikusi nahi duen ziklista baten garaipenarekin amaitu da, Oñatiko Markel Irizarren garaipenarekin".
[Hunkituta] Egia esan, ez dut egunotan argitaratu dena irakurri, eta oilo-ipurdia ere jarri zait. Niretako txirrindularitza oso garrantzitsua da, baina ikustea jendeak kirolaria izateaz gain pertsona moduan ere asko baloratzen zaituela... horrek betetzen nau gehien. Izan ere, ziklismoa amaitzen denean pertsona geratuko da.

Neurri baten, balio batzuk transmititzeko ardura ere baduzuela kirolariok.
Semeekin, edota Aloña Mendiko ziklista gazteekin... guztiei transmititu behar diegu balio horiek. Eta, askotan kritiko izaten naiz nire buruarekin, ez dakit-eta ze punturaino betetzen dugun lan hori. Batzuetan ez dakit zer garela uste dugun; izan ere, ez dugu inoren bizitza salbatzen, ez dugu munduko gosearen kontra ezer egiten, edo kantzerraren kontra; bizikletan ibiltzen gara, eta edonork daki bizikletan ibiltzen, nahiz eta gu apur bat azkarrago joaten garen.

Andaluzian, aste gogorraren ostean, podiumeko lehen koskara igo zinen. Zer sentitzen da hor?
Poztasun handia, azken egunera arte tentsio handia izan nuelako. Taldekideak nire alde lanean zelan zebiltzan ikusi eta nire buruari zera esaten nion: "Hire zorte onarekin, seguru azken etapan pikutara joango dela dena". Horrek ematen zidan beldurra; nahiz eta talde indartsuena niretako lanean izan, azkenean  nik egon behar nuen onenekin aurrean.

Bakatuko didazu, baina egoera berean, talde guztietan ez lukete palmares handiko ziklistak izanda  Irizarren aldeko apusturik egingo.
Horregatik nago gustura talde honetan. Leipheimerrek garbi esan zezakeen: "Nik irabazi behar dut itzuli hau, liderra naizelako". Baina ez zuen horrelakorik esan, itzulia nik irabazi behar nuela esan zidan; eta denak zeuden ados. Lasterketan, ikustekoa zen zelan egiten zuten tira. Pentsa, Tourrean Brajkovic izango da gure liderra, eta taldea bere gainean dago etengabe, lasterketetan indarrak alferrik gal ez ditzan. Bada, sekula ez dut ikusi Brajkovic Andaluzian moduan tira egiten; erakustaldia egin zuen. Hori adibideetako bat baino ez da, sekula ez ahaztuko taldekideek egin duten lana.

Lehenago izan ez duzun konfiantza duzu Radioshack taldean?
Nik hala sentitzen dut. Batez ere erlojupeetako probei begira laguntza handia eman didate. Esaterako, Mallorcan kontzentratuta egon berri gara, eta han Juan Llanerasekin ibili gara belodromoan lanean, erlojupeko bizikletan postura eraginkorrena bilatzen. Bada, talde osotik hiru lagunek egin dituzte proba horiek, eta ni nengoen tartean.

Erlojupekoetan aurrerapauso handia egin duzu.
Bai. Erorikoak izan ez ditudanean aurrean ibili naiz [Barre]. Iazko ekainetik hona egin ditudan erlojupekotan emaitza txarrena bosgarren postua izan da; horri esker, eta taldeak ematen dizkidan erraztasunei esker, inoiz baino konfiantza handiagoarekin nabil.

Garaipena ospatzeko asti barik, Paris-Niza probara joango zara segidan. Han Irizar bere lekura itzuliko da, besteendako lan egitera.
Bai, eta oso gustura egingo dut lan hori, gainera. Dena dela, 27 kilometroko erlojupeko bat dago, eta arduradunek adierazi didate posible bada saiatuko direla aurreko etapetan lan handirik ez ematen, erlojupekora ahalik eta ondoen iristeko. Posible bada indarrak horrako gordetzea, ondo. Eta posible ez bada, aurrera. 

Orain dela hiru urte garaipen ederrak egin zizun ihes Paris-Nizan [Azken unean Thor Hushovd-ek bi segundoko aldeagatik irabazi zuen]. Aldatuko zenuke Andaluzian lortu duzunagatik?
Orduan gazteago nintzen, eta garaipen hark asko lagunduko zidan, duda barik. Palmaresari begira ere, Paris-Niza proba handia da. Baina nork daki, irabazi izan banu, akaso orain ez nintzen talde honetan egongo. Hori kontuan hartuz gero, ez nuke ezer aldatuko.

Australian, maitatua bezain gorrotatua izan den ziklista baten agurraren testigu izan zara, Lance Armstrong-ena. Bi urte hauetan, ze ikasi duzu haren ondoan?
Hasteko, aurreiritziekin kontuz ibili behar dela, gauza bat dela kanpotik zer ikusten den eta beste bat barruan zer dagoen. Ikusi dut Lance Armstrongen bizitza ez dela batere erraza, eta gauza asko ulertu ditut. Gauzak garbi, badu harrotasun puntua, baina bere taldekideak, lagunak... izugarri ondo zaintzen ditu.
Horretaz aparte, nik Lance Armstrong gizarteari egiten dion ekarpenagatik miresten dut. Cristiano Ronaldo, Alonso, Gasol... horiek zer egin dute gizartearen alde? Armstrongek etxe bat du Hawaiin, eta hark duen diruarekin gu biok Hawaiin egongo ginateke egun osoan, gora begira. Armstrong, berriz, agintariekin biltzen da, munduko edozein tokitara bidaia egiten du, minbiziaren kontra dirua batzeko; iaz 53 milioi dolar lortu zituen, 53 milioi dolar.
Heriotza gehien eragiten dituen gaitza da minbizia, eta, gaitz hori izan dudanez, asko arduratzen nauen gaia da hori. Baina gutako nork ez du inguruan gaitz hori izan duen lagunik, senitartekorik?

Aurreikuspenak betetzen badira, debuta egingo duzu Tourrean.
Berandu nabil guztian! Nire ametsetako taldera 30 urterekin iritsi naiz, eta gauzak ondo badoaz 31 urterekin egingo dut Tourrean debuta. Horrek esan nahi du 40 urtera arte bizikletan ibili beharko dudala [Barre], betiere, etxean onartzen badidate.
Egia esan, ilusio handia egingo lidake, baina lehenago Kaliforniako Itzulia eta Dauphineko probak datoz, eta horietan ondo ibili behar dut, hor irabazi behar dut Tourrerako txartela. Baina bai, esperantzaz nago. Gainera, Tourreko bigarren etapa taldekako erlojupekoa da, eta taldeak ilusio handia du hor jarrita. Prestaketa ere proba horretara bideratuta daukat, eta indarrak gordetzen ari gara denok.

Amaitzeko, RadioBasque ezizenaren gainean galdetuko dizut. Berritsu fama taldera ere iritsi da, ala?
[Barre]. Armstrongek jarritako ezizena da. Flandesen eta Australian haren ondoan korritzeko aukera izan nuen, eta aspertuta zegoenean, zerbait kontatzeko esaten zidan, baita afalostean eguneko anekdotak kontatzeko ere. Harreman ona dut harekin. Berba asko egitearena ez dakit ona ala txarra den, baina leku guztietan jokatzen dut berdin, halakoa naiz-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak