Markel Irizarrek, zutoinera

Xabier Urtzelai 2011ko ots. 20a, 18:32

Erlojupeko probetan disgustu bat baino gehiago hartu du Markel Irizarrek –eta baita poztasun galantak–, azkena gaur arratsaldean. Izan ere, Andaluziako atariko proban (6,8km) Oñatikoak indartsu dagoela erakutsi du, lehenengo postuan egon da-eta probaren zati handian. Azken unean, baina, eta ehunen gutxiko aldeagatik Jimmy Engoulvent frantziarrak etapa garaipena eskuetatik kendu dio Irizarri. 

2009an Thor Hushovd arduratu zen Paris-Nice lasterketako atarikoan Irizarri gozokia ahotik kentzen, eta gaur arratsaldean Oñatikoak esku-eskura izan du garaipena Malagan. 6,8 kilometro izan dituen etapan Jymmy Engoulvent apur bat azkarragoa izan da, apur-apur bat. Hau da, ehunen gutxi batzuetako aldeagatik nagusitu da frantziarra (9.28). Hala, sailkapen orokorrean Irizar bigarren dago, sasoiko dagoela erakutsita.

Espezialisten arteko gerra

Andaluziako itzuliko lehen proban pare-parean egon dira indarrak espezialisten artean. Radioshack taldekoak eta Saur Sojasun taldekoak ibili dira zein baino zein gehiago, eta azken horiek nagusitu dira. Radioshack taldetik irizar bigarren izan da, Leipheimer laugarren eta Ivan Rovny hamargarren. Saur Sojasun taldean, berriz, Engoulvent izan da garailea, bosgarren izan da Jerome Coppel eta seigarren sailkatu da Paul Poux. 

Andaluziako itzuliko bigarren etapak 161 kilometro izango ditu, Almuñecar (Granada) eta Adra (Almería) artean.

Sailkapena:

1 Jimmy Engoulvent (Fra) Saur-Sojasun 0:09:28  
2 Markel Irizar Aranburu (Spa) Team Radioshack    
3 Jurgen Van Den Broeck (Bel) Omega Pharma-Lotto 0:00:01  
4 Levi Leipheimer (USA) Team Radioshack 0:00:02  
5 Jérôme Coppel (Fra) Saur - Sojasun 0:00:03  
6 Paul Poux (Fra) Saur - Sojasun 0:00:07  
7 Luis Pasamontes (Spa) Movistar Team 0:00:08  
8 Thomas Lövkvist (Swe) Sky Pro Cycling    
9 Rigoberto Uran (Col) Sky Pro Cycling 0:00:09  
10 Ivan Rovny (Rus) Team Radioshack 0:00:10

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak