Artea Herriko plazan
Oñatiko zapatuko hitzorduan, artearen zuzeneko erakusketaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Sekulako giroak lagunduta, zapatu eguerdian Oñatiko plaza artelanez eta jendez bete zen. Ikusmina piztu zuten artistek eta bertaratu ziren herritarrek zuzen-zuzenean eta gertutik arteaz gozatzeko aukera izan zuten. Graffitiak esaterako, gazte askorengan piztu zuten jakin mina. Estilo oso pertsonala duten 12 artistak hartu zuten parte erakustaldian. Artista bakoitzak barrutik egindako lanak plazaratu zituzten bertaratu zirenen begiradapean. Artea eta pintura jendeari hurbiltzeko helburua bete zuten antolatzaileek: gaztetxo bat baino gehiago marrazkiak egiteko gogoz joan zen etxera bazkaltzera zapatu eguerdian-eta.
Musika eta zinea
Euskarazko film laburrez eta, 'Kultur Expresso' lehiaketan saritautako filmak izan ziren ikusgai kultura etxean. Ondoren, Gaztelekuan, Piztiak, Gora Gora Kids eta The wedding present talde alternatibo eta indien rock doinuak izan ziren nagusi.
Antolatzaileen esanetan, asmoa da horrelako ekimenetan hasi berriak diren artistei laguntzea eta artelanak egiteko aukera bat ematea artistei. Erakusketa moduan jaio zena hasiera batean, ereduz aldatuta etorri da aurten. Horregatik, artea kalera atera eta jendeari zuzenean barneratzea du asmo orain 'Kultur' ekimenak. Eta formularekin asmatu dute. Izan ere, egindako artelanek jende gehiago erakartzen duelako. Hala, hurrengo edizioan parte hartzeko interesa dutenek, izena emateko aukera izango dute. Informazio gehiago, kutxakulturzirkuitua.com webgunean duzue.