Musika, natura eta elkarretaratzeak, San Martingo Nagusien Astean

Leire Kortabarria 2004ko aza. 9a, 14:16
Musika, natura, batzarrak… San Martin egoitzako bizilagunek eta horien senideek denetariko ekintzatan parte hartzeko modua izango dute asteburutik aurrera, izan ere, Nagusien Astea antolatu du egoitzak. Domekan, hilak 14, hasiko da Astea. Aurten berritasun bat ere badute: Aloña Mendiko Espeleologia sailak koben gaineko ikus-entzunezkoa eskainiko die.

San Martin Egoitzan bizi diren nagusiek eta haien senideek denborapasa polita egiteko modua izango dute azaroaren 14tik 21era bitartean.

Jaione Artieda begiraleak dioskunez, musika emanaldiak izaten dira gogokoenetariko ekintza bat: Ganbara abesbatzaren emanaldia, adibidez, asko gustatzen zaie eta gustura egoten dira. Ekintza jendetsuena izango da egoitzako bizilagunek, familiek eta langileek egingo duten bazkaria: 250 bat lagun espero dituzte.

Bestalde, aurtengo berritasuna da Aloña Mendiko Espeleologia sailak eskainiko duen ikus-entzunezkoa. Hain zuzen, martitzenean, hilak 16, egingo diete bisitaldia, eta Oñatiko koben eta Aizkorriko lur-azpiaren gaineko ikus-entzunezkoa eskainiko diete.

Azkenik, berezitasun moduan, astean plater bereziak jateko aukera izango dute bizilagunek. Buzkantza eta txorizo jana izango dute egun baten, euren gaztaroan moduan. Oso gustuko izaten dute hori, dio Artiedak.

Egitarau osoa

  • Azaroak 14, domeka: meza (10:00), bazkaria (13:30) eta Ganbara abesbatzaren emanaldia (16:45).

  • Azaroak 15, astelehena: Oñatz dantza taldea (18:15).
  • Azaroak 16, martitzena: Oñatiko Natur Eskola (17:00) eta Aloña Mendi Taldeko Espeleologia saila (19:00) taldeen emanaldiak.
  • Azaroak 17, eguaztena: Bertso Eskolakoen emanaldia (18:00) eta gaztaina jana (18:30).
  • Azaroak 18, eguena: Oñatiko Musika Eskola (17:30), Oñatiko Korala (19:00) eta afari merienda (19:45).
  • Azaroak 19, egubakoitza: bolo eta petanka txapelketa (17:00).
  • Azaroak 20, zapatua: meza (12:30) eta bazkaria (14:00).
  • Azaroak 21, domeka: meza (10:00), Oñatiko Banda (12:00) eta bazkaria (13:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak