Moja beneditarren komunitateak 100 urte eman ditu Oñatin, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osoan zehar. Hurrengoa ekainaren 29an izango da: Elkar Hezi ikastetxean diharduten irakasle guztiekin topaketa eta bazkaria izango dute. Elkar Hezi proiektuak 0 urtetik Batxilergora bitarteko ikasleak ditu; guztira, 60-70 irakasle izango gara, dio Mari Carmen Galdos zuzendariak.
Ikasle ohien eguna, arrakastatsu
Beneditarren mendeurreneko ospakizun ekitaldi nagusietako bat zapatuan, ekainak 5, izan zen: ikasle ohien eguna. Meza, diapositiba emanaldia, gaur egungo ikasleen musika emanaldiak, bazkaria eta ikastetxean bisita izan ziren, eta mojak oso pozik daude guztia uste bezala irten zelako. Adin askotako ikasle ohien, mojen eta irakasle eta langileen artean, 180 lagun elkartu ziren.