"Sahara Marathon" dokumentala, Irusoinek eta Moriartik koproduzitua, hautatua izan da Kubako Santiagon martxoaren 5etik 8ra egingo den "Santiago Alvarez in memoriam Jaialdiaren" V. ekitaldian parte hartzeko.
Saharar errefuxiatuak
Sahara Marathon 2003an Tindoufen (Aljeria) eginiko dokumentala da, saharar errefuxiatuen kanpalekuetan egina. Jon Garañok eta Aitor Arregik idatzia eta zuzendua, Saharako maratoiaren bitartez eta 55 minutuz, giza tragedia handi bat azaltzen digu: 250.000 saharar baino gehiagok 27 urte daramatzate beren herrialdetik kanpo bizitzera behartuta, egoera lazgarrian gainera.
Historiak Abdullah aurkezten digu, Saharako maratoian parte hartzeko gogoz prestatzen den gizona. 2003ko otsailean filmatu zuen zazpi kideko taldeak eta grabazioa betacam digitalean egina dago.
Lehiaketan izango da
Dokumental jaialdi honek badu lehiaketako atal bat ere eta horretarako hautatu dute "Sahara Marathon". Atal horretaz gainera aurkezpen bereziak izaten dira dokumental estreinatuak emateko. Kubako Jaialdiaren V. ekitaldi honetarako programatuak daude beste jarduera batzuk ere: hitzaldiak, argazki-erakusketa eta errealizadoreen topaketa.
Sahara Marathon-ek EiTBren partaidetza izan du eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Donostiako eta Irungo Udalen laguntza.